Sekulako pozagaz amaitu genduan Realaren aurkako partidua, Muniainek sartutako golak ondo merezidutako puntua emon eutsalako geure taldeari. Banako bardinketak ondo erakusten dau zelaian gertatu zana. Hortik aurrera, bakotxak esango dau aurkariak baino meritu gehiago egin ebazala garaipena eskuratzeko. Derbiak partidu bereziak dira ezelango zalantza barik -Marcelinok kontrakoa esan arren- eta domekan Anoetan jokatutakoa derbi-derbia izan zan. Talde biek aurkariarekiko errespetu handiz ekin eutsoen norgehiagokari eta borroka asko eta joko gitxi ikusi genduzan. Horrelakoetan, jokaldi solteetan erabagitzen da lehia. Eta domekako derbian be antzeko zeozer jazo zan. Merinok ondo probokatutako penaltiak ipini eban aurretik Reala eta Remiroren huts egiteak emon eutson bardinketea Athletici. Antzeko zeozer gertatu zan Sevillako finalean baina orduan zuri-gorriek ez ziran erantzuteko gauza izan.

Normalean ez dot epaileen lana aitatu bere egiten baina oraingoan uste dot Martinez Munuerak kalte handia egin eutsala Athletici. Nire uste apalean, Elustondok penalti garbia egin eutson Williamsi lehen minutuan. Esan beharrik ez dago, partiduak beste bide bat hartuko ebala epaileak falta hori adierazo izan baleu. Falta garbia jaso arren, Williams bera be ez zan fin ibili jokaldi horretan bota puntea sartzea nahikoa eban-eta baloia sareetara bialtzeko. Beranduago, epaileak txartel horia parkatu eutsan Januzajri eta bigarren zatian ez eban neurriz zigortu Mikel Merinok Oihan Sanceti atzetik emondako ostikadea. Realeko jokalariak txartel gorria merezidu eban. Eta azkenik, kaleratu egin eban Iñigo Martinez, ganora bako jokaldi baten.

Kontuak kontu, Marcelinok partiduaren osteko prentsaurrekoan esan eban moduan, Athleticek talde on bat dala erakutsi dau beste behin. Sendoa eta gatxa gainditzeko. Erasoko jokoan hobetzea baino ez jako falta. Espanyolen zelaian partidu bikaina egin ostean, bere betiko hamaikakora itzuli zan Marcelino Realaren aurkako lehian, eta Raul Garcia zelairatu eban hasieratik Oihan Sancet ordezkoen aulkian itzita. Erabagi esanguratsua. Nafar gazteak indartu egiten dau zuri-gorrien erasoko jokoa. Beteranoagaz zelaian, beste gauza batzuk irabazten dauz taldeak. Sancetek minutu gehiago merezidu dauz. Eta ia Villalibre arin errekuperatzen bada.

Eta futbol munduan sarritan esaten dan lez, Anoetan lortutatako puntuari balioa emoteko ezinbestekoa izango da garaipena eskuratzea Cadizen aurka barikuan San Mamesen. Hamabi jardunalditan partidu bakarra irabazita etorriko dira andaluziarrak. Athleticek, baina, ezin dau huts egin.