Behin baino gehiagotan esan izan dot partidu bateko azken emaitzak baldintzatu egiten dauela, nahi ta nahi ez, ondorengo balorazinoa. Athleticek Mestallako partidua irabazi izan baleu, analisia positiboa izango zan. Zoritxarrez, baina, zuri-gorriek ez eben ondo defendidu aurkariaren azken erasoa eta puntu bik ihes egin eben. Partidu serioa egin eban Marcelinoren taldeak Mestallan, Wanda Metropolitanon egindakoaren antzekoa, baina saria puntu batekoa izan zan, Madrilen bezala. Balenziagaren lesinoak desorekatu egin eban atzealdea. Lekueren errendimenduak behera egiten dau ezkerretik jokatzen dauenean -normala dan moduan- eta De Marcos ez dago sasoi onean. Nik beti esan dot arabarrari gehiegi igarten jakola ez dala atzelaria, erdilaria baino.

Arestian esan doten moduan, eta behin baino gehiagotan errepikatu doten moduan, Athleticek arazo kezkagarria dauka baloia hanketan daukanean. Dani Garciak eta Unai Vencedorrek lan itzela egiten dabe aurkariaren erasoko jokoa geratzeko baina gabezi handiak erakusten dabez jokoa sortzeko orduan. Oso makala da taldearen erasoko jokoariegiten deutsoen ekarpena. Ganera, Muniain, Berenguer, Williams eta enparauek arazo handiak ditue aurkariaren atea zulatzeko. Raul Garciak hasieratik jokatzeko aukerea euki dau azken partiduetan baina nafarraren ekarpena be oso eskasa izan da. Sikate horren aurrean, eskertzekoa da estrategiako jokaldietan taldeak emondako aurrepausua. Iñigo Martinez eta Vivian atzelarien eskutik etorri da sartutako gol guztien erdia. Erasoko jokoa indartzeko ahaleginean oso albiste ona da Oihan Sancet barriro jokatzeko moduan egotea. Txantreakoak hasiera bikaina emon deutso denboraldiari baina belaunean izandako lesioak eten egin deutso joko bolada ona.

Alavesen aurkakoa ez da partidu erreza izango zuri-gorrientzat. Lehen bost jardunaldietan punturik lortu barik egon ostean, Callejaren taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratu dau Atletico de Madriden aurka Mendizorrotzan. Athleticek hiru partidu jokatu dauz orain arte San Mamesen eta Bartzelonaren aurka bakarrik emon eban maila ona, bikaina, Marcelinoren taldeak. Rayoren aurkakoa partidu txarra izan zan eta Mallorcaren aurka be ez eban gauza handirik egin erasoan Vivianen gola iritsi zan arte. Erasoko jokoa landu behar da, zalantza barik.