Athleticek ez dau sekulako itxuraldaketea izan aurreko denboralditik. Hasierako hamaikakoa ikusita, Marcelinok igazko blokearen aldeko apostuari eusten deutso, zelai erditik aurrera batez be. Aldaketak atzealdean etorri dira, ondoen dabilen lerroan. Lekue, Vivian eta Balenziaga sartu dira atzeko lerroan, De Marcos, Yeray eta Yuri Berchicheren ordez. Ustezko titularrak lesionaturik dagozalako egin ditu aldaketok entrenatzaileak baina hamaikakoan sartu diran jokalarien errendimendua bikaina izaten ari da. Iñigo Martinez Kaiserraren zuzendaritzapean, Athleticen atzealdea gotorleku bilakatu da. Adibidez, Celta eta Mallorcaren aurkako partiduetan, aukera bi bakarrik egozan zuri-gorrientzako: irabaztea edo bardintzea. Porrota baztertuta egoan kontuan izanda, aurkariek ia jaurti be ez ebela egin Unai Simonen atera. Athleticek opari bakarra egin dau denboraldi honetan, Dani Garciak Bartzelonari egin eutsona, eta huts horren ondorioz etorri zan zuri-gorriek orain arte jaso daben gol bakarra. Marcelinoren taldeak urrats garrantzitsua emon dau defenditzeko orduan. Igaz be aukera gitxi sortzen eutsezan baina beti egoten zan huts egiteren bat. Eta sendotasun horretan oinarrituta dago aurtengo ibilbide positiboa.

Dani Vivian aukeratu eban Marcelinok Yerayren hutsunea beteteko. Dinoe futbolean -eta bizitzan orokorrean- aukerak baliatu egin behar dirala eta atzelari gasteiztarrak ederto aprobetxau dau berea. Vivianen errendimendua ikusgarria da. Konzentratuta dago lehen minututik azkenengora arte eta bere inguruan jokatzen dauen aurrelariak etsita amaituten dau partidua atzelariak arnasea hartzen be ez deutsolako itzi. Mutil honek asko emon deutso taldearen sendotasunari. Ganera, golak sartzen hasi da. Ezin jako gehiago eskatu.

Mallorcaren aurkako garaipena, emaitzak erakusten dauena baino gatzagoa izan zan. Marcelinok inoiz baino goizago egin ebazan aldaketak taldearen erasoko jokoari susperraldia emon gurean eta ordura arteko ezintasunari konponbidea emoteko. Villalibrek, Zarragak eta Nico Williamsek beste bizitasun bat emon eutsoen erasoko jokoari. Azpimarratzekoa da Gernikako aurrelariak egindako lana. Minutu gehiago merezi ditu ezelango zalantza barik. Gauza bera esango neuke Oier Zarragaren ganean. Dani Garciak eta Vencedorren lan itzela egiten dabe baloia aurkariak daukanean baina gauza gitxi emoten deutsoe taldearen erasoko jokoari.

Azterketa gogorra dauka Athleticek zapatuan Wanda metropolitanon. Edozelan be, ikusitakoa ikusita, Marcelinoren taldea ondo prestatuta iristen da azterketa horretara.