ENBORA tarte luze baten ez daukat Sevillara itzultzeko asmorik, hamabost egunen buruan bertan bizi izan dodazan esperientziak oso gogorrak izan dira-eta. Kopako final bi jokatu eta biak galdu, irabazteko aukera txikiena be euki barik. Athletic zaleok ez deutsagu titulurik exijitzen geure bihotzeko klubari, baina Marcelinoren taldeak kopako final bietan egin dauenak lur jota eta erabat dezpezionaturik itxi gaitu. Gure Athletic ez da La Cartujan ikusi dogun taldea edo ez litzateke izan behar. Klub handi honek eta zaleok ez dogu merezidu holako zigorra. Garbi geratu da Elx-i irabazi ostean ez gengozala hain txarto eta Superkopea irabazi ostean ez ginala hain onak. Marcelino efektuak eragin laburra euki dau eta taldearen egoerea kezkagarria da. Gabeziak hortxe dagoz eta agirian geraru dira barriro be. Final bi jokatu eta biak galdu negargarri jokatuta batean zein bestean. Beti esaten doten moduan, galtzeko eta galtzeko moduak dagoz eta finalak holan galtzekotan nahiago dot kanporatuta geratzea Bigarren B mailako edozein talderen zelaian. Berotan egindako hausnarketea da, bai, baina Sevillako final biek sortu deuskuezan zauriak oso sakonak dira.

Danok itxaroten genduan Athleticek Realaren aurka baino hobeto jokatuko ebala Bartzelonaren aurkako finalean, Imanolen taldearen aurka erakutsitako mailea oso eskasa izan zan-eta. Ba Marcelinoren taldeak gatxena egin dau, lehen finalean baino makalago aritu bigarrengoan. Partidu hasieratik Athletic ikaratsu bat ikusi genduan zelaian. Konfiantza bakoa. Zuri-gorriak ez ziran lehiakorrak izan minutu baten bez, eta lehiatu ezean ezinezkoa da final bat irabaztea, Bartzelonaren zein Don Benitoren aurka jokatuta. Marcelinoren gizonak hurreratu be ez ziran egin Ter Stegenen ate ingurura. Defentsa lanetan zuri-gorriek erakutsitako biguntasuna kezkagarria izan zan. Koemanen taldeak gitxitan irabaziko dau titulu bat hain eroso eta errez jokatuta. Zuri-gorriek ia faltarik be ez eben egin Messi eta enparauak geratzeko ahaleginean. Marcelinoren taldea galduta ibili zan lehen minututik eta entrenatzailea ez zan gauza izan bere ekipoaren norabidea zuzentzeko. Asturiarrak ez eban erreakziorako gaitasunik erakutsi eta egin ebazan aldaketek ez eben onik ekarri.

Taldearen gainbeherea kezkatzekoa da. Superkopako mirariaren ostean, hamabost partidu jokatu dauz Athleticek Marcelinoren aginduetara eta hiru baino ez dauz irabazi. Zuri-gorriek arazo itzelak daukiez jokoa sortzeko orduan eta zer esanik bez golak sartzeko orduan. Zaharrak berri. Horreri gabeziei, final bietan erakutsitako nortasun faltea gehitzen badeutsagu, emaitzea kezkagarria da. Zor-tzi partidu geratzen dira Liga txapelketea amaitzeko eta eskerrak jaisteko postuak oso urrun dagozana. Bestela, txarto izatekoak ginan. Porrot honeek hausnarketa sakona eragin behar dabe, plantilan, talde teknikoan eta klubean bertan.

Zuri-gorriek Betisen zelaian jokatuko dabe bihar eta Atletico de Madrid dator domekan Katedralera. Partidu gogorrak lur jota dagoan taldearentzat. Ez dago negarrik egiteko astirik. Ligako sailkapenera begira zer eginik euki ez arren, Marcelinoren taldeak helburu garbi bat dauka azken zortzi partiduetarako. Sevillan lupertatutako itxaropena birsortu behar dau Athletic zaleon artean.