Athletic aurkari arriskutsua da gaur egun edozein talderentzat. Zuri-gorriak olatu ganean dabilz aspaldion eta danak urteten deutso ondo Marcelinoren taldeari. Kopa txapelketako finalerako txartela eskuratzeko errementauta amaitu ostean, entrenatzaileak goitik behera aldatu eban hamaikakoa Granadaren aurkako ligako partiduari ekiteko. Apostu gogorra bota eban Marcelinok, bederatzi aldaketa egin ebazalako taldean, minutu gitxi jokatuta egozan gizon ugari zelairatuta. Edo beste era batera esanda, entrenatzaileak ordezkoen aulkian itxi ebazan ia titular guztiak, ondo errekuperatu daitezen datorrenari aurre egiteko. Esperimentua ondo baino hobeto atara jakon, taldeak hiru puntuak eskuratzeaz gain joko maila ona erakutsi ebalako. Horren harira, ordezkoen aulkian nahi baino denbora gehiago emoten daben jokalariek argi erakutsi deutsie Marcelinori prest dagozala edozein unetan jokatzeko. Albiste bikaina entrenatzailearentzat. Villalibrek, Sancetek, Lekuek eta enparauek badaukie zer esanik.

Levanteren aurkako kanporaketea gainditu eta kopako bigarren finalerako sailkatu ostean, Athleticek partidu arriskutsua eukan Ligan aurkari ezagun eta gatx baten aurka. Marcelinoren taldeak hiru puntuak behar ebazan, ligako aurreko sei partiduetan garaipen bakarra lortu ostean, Cadizen zelaian hain zuzen be. Muniain, Raul Garcia, Williams, Iñigo Martinez eta ganerako titularrak kanpoan geratu arren, Granadaren aurkako partiduan garbi geratu zan Marcelinok Athleticera ekarri dauen iraultzeak eragina izan dauela plantila osoan, ez titularretan bakarrik. Partidu guztian aurretik joan ostean, zuri-gorriek bardinketaren gola jaso eben norgehiagoka amaitzeko hamabi minuturen faltan. Marcelinoren gizonek ez eben amore emon eta luzapenean izan bazan be garaipenaren gola sartu eben. Garaipen horri esker, Ligan be gauzak beste era batera ikusten dira. Beheko postu arriskutsuak oso urrun geratu dira eta datorren denboraldian Europan jokatzeko aukerea emoten dauen zazpigarren postua lau puntura dago.

Guztira, hamabost partidu jokatu ditu Athleticek Marcelinoren aginduetara eta bi bakarrik galdu ditu. Biak Ligan Bartzelonaren aurka, bata San Mamesen -asturiarraren lehen partiduan Katedralean- eta bestea Nou Campen eta biak gol bateko aldeaz. Entrenatzaile honek sekulako astindua emon deutso taldeari. Jokalariak lehengoak izan arren, beste talde bat dirudi. Urte hasieran inork ez eban pentsauko Athleticek Superkopea irabaziko ebanik Real Madridi eta Bartzelonari irabazita ganera, eta Kopako finalerako sailkatuko zanik. Urte hasieran, sailkapeneko beheko postutik ahalik eta urrunen mantentzea zan burukomina. Gaur egun, ostera, Athletic zaleok konfiantza osoa dogu taldean, edozein aurkariri irabazteko gauza dala erakusteaz gain, erasoko jokoa ardatz dauelako eta horixe da ikusi gure dogun joko motea.

Azterketa gatxak gainditu dauz Marcelinoren Athleticek eta bihar gatxenetakoari ekingo deutso Wanda estadioan. Zuri-gorriek puntu bakarra eskuratu dabe Atletico de Madriden zelaian jokatu dabezan azken bederatzi partiduetan. Ganera, Simeone koltxoneroen entrenatzailea danetik, Bilboko taldeak galdu egin dau beti Madriden. Marcelinok bolada txar hori apurtu gura dau eta Athletic garaipenaren bila zelairatuko da Metropolitanon. Entrenatzaile asturiarrak ondo baino hobeto daki ligako liderraren zelaian irabazteak sekulako indarra emon leuskiola taldeari apirilean jokatuko dituen final biei begira. Ganera, hiru puntuak eskuratuta Europako postuetara hurreratuko litzateke ligan. Athletic hau gauza da Simeone dardakadan ipinteko.