GUN garrantzitsua zan domekakoa Athleticentzat. Azterketa bi izan ebazan, bata goizean eta bestea iluntzean, eta biak gainditu bazituan be, ezin esan nota ona atara ebanik, edo behintzat, aurreikuspenak ez ziran bete. Asko egoan jokoan bazkideen ordezkarien batzarrean, batez be, abenduaren 27an Elizegik eta bere zuzendaritza batzordeak aurkeztutako proposamenak atzera bota ostean. Izan be, bigarren ezetza jaso ezkero erakundea krisi egoeran geratuko zan-eta. Bigarrenean bazkideen ordezkariek argi berdea emon eutsiezan aurreko denboraldiko kontuei eta ikasturte honetako aurrekontuari. Galderea da: zer aldatu da abenduaren 27tik otsailaren 21era batzarrean parte hartu eben bazkideen ordezkarien zati handi bat ezezkotik baiezkora igarotzeko? Ez dot uste gauza handirik aldatu danik. Kontua da, bazkideen ordezkari horreek erantzunkizunez jokatzea erabagi dabela, erakundeari kalterik ez egiteko. Izan be -barriro dinot- Athletic Club krisi egoera baten geratuko zan bazkideen bigarren ezezkoa jaso ezkero. Ganera, ez dogu ahaztu behar Athletic etapa erakargarri baten atarian dagoala kirol esparruan. Kopa txapelketako finala jokatuko dau hilabete barru eta beste final baterako sailkatu daiteke datorren astean bertan.

Edozelan be, kontuak onartu arren, bazkideen ordezkariek txarretsi egin eben Aitor Elizegik eta bere zuzendaritza ba-tzordeak egindako kudeaketea. Beste era batera esanda, bazkideek txartel horia erakutsi eutsien presidenteari eta direktibeari. Klubeko arduradunek hausnarketa sakona egin beharko leukie, azken batzar bietan bazkideen ordezkarien aldetik jaso duten mezua kontuan izanda.

Egia esateko, Athleticeko bazkideen ordezkarien batzarrak aspergarriak egiten jataz. Luzeegiak izaten dira, astunak, eta gehienetan tiroak besterik ez dira ikusten lubaki batetik bestera. Eta parte hartzea ikusita, ez dot uste oso erakargarriak diranik Athleticeko bazkide gehienentzat. 771 bazkidek hartu eben parte domekako batzarrean. Bakoitzak, hamar bazkide ordezkatzen dituela eta klubak 43.169 bazkide dituela kontuan izanda, atara kontuak zenbat ez diran ordezkatuta egon domekako batzar horretan. Kopuru eskas horrek be, beste hausnarketa bat eragin beharko leuke klubean.

Aitor Elizegiren kudeaketea aztertzen sartu barik, argi dago Marcelino Garcia Toralen fitxaketea dala presidenteak eta bere direktibak hartu daben erabagirik onena. Athleticek aukera ona eukan sailkapeneko goialdera hurreratzeko Vila-realen aurkako partiduan. Barriro be aurkaria aurreratu egin zan markagailuan eta zuri-gorrien bardin-tzea lortu baeben be, ez ziran gauza izan hiru puntuak eskuratzeko bigarren zatian garaipenaren gola sartzeko aukera garbiak izan arren. Partiduaren zatirik handienean aurkaria baino gehiago izan zan Marcelinoren taldea. Izan be, goleko jokaladia kenduta, Unai Emeryren taldeak ez eban arriskurik sortu Unai Simonen ate aurrean. Zuri-gorriek barriz, Muniainen eskutik, eten barik erasotu eben Sergio Asenjoren atea. Emeryk bost aldaketa egin ebazan bere taldeari hauspoa emoteko. Marcelinok, ostera, Capa zelairatu eban Berenguerren ordez eta partidua amaitzeko zortzi minuturen faltan atara eban Villalibre. Berandu. Iñaki Williamsek aukera garbia euki eban -huts egin ezin daitekeen horreetakoa- bigarren gola sartzeko baina atzoko partiduan be ez zan bape fin ibili. Entrenatzaileak, antza, ez dau gauza bera pentsetan, zelaian mantendu eban-eta ia partidua amaitu arte. Egun ederrak datoz.