RTEAREN hasiera sasoirik gogorrena izaten da Athleticen-tzat, astero partidu bi jokatzen dituelako Liga eta Kopako txapelketak buztartuta. Ganera, aurten, Superkopea jokatu eta irabazi dabe zuri-gorriek. Kontuak kontu, Marcelinoren taldeak bederatzi partidu jokatu ditu urtarrilaren 17tik eta beste bi jokatuko ditu hurrengo zazpi egunetan. Horrelakoetan sarritan gertatzen dan lez, liga txapelketan lortu ditu emaitza txarrenak talde zuri-gorriak. Gogoratu aurreko urtean hamar jardunaldi egin ebazala ligan irabazi barik. Aurten, lau partidutan, behin bakarrik eskuratu ditu hiru puntuak Marcelinoren taldeak, Getaferen aurka, bardindu egin dau Valentziaren aurka eta galdu egin ditu Bartzelonaren aurkako norgehiagoka biak. Beraz, aurten ere, Athleticek kopa txapelketearen albo-kalteak sufridu behar izan ditu.

Valentziaren aurkakoa orain arte jokatutako gatxena izan dala esan eban Marcelinok Javi Graciaren taldearen aurkako partidua amaitu ostean. Alde batetik, zuri-gorriek 120 minutuko norgehiagoka jokatu eben kopan hiru egun lehenago. Horregaz batera, Muniain, Raul Garcia eta Villalibre jokatu ezinda egozan. Nekea, zigorra ala lesinoak tarteko, entrenatzaileak zazpi aldaketa sartu ebazan Valentziaren aurkako partidurako hamaikakoan eta jakina, hainbeste aldaketa eginda ez da erreza joko maileari eustea.

Athleticek ez eban partidu ona jokatu Valentziaren aurka, lehen zatian batez be. Edozelan be, Marcelinoren gizonek aukera ugari eta garbiak euki ebezan garaipena eskuratzeko. Bigarren zatiaren hasieran, Williamsek, Vencedorrek eta batez be Sancetek gol aukera garbiak alperrik galdu ebezan bigarren gola sartu eta partidua erabagita izteko. Hortik aurrera, Valentzia berbiztu egin zan eta bardinketaren gola sartzeaz ganera, garaipenaren bila jo eban. Nire uste apalean, partidu ona egin ez arren, Athleticek aukera bikaina galdu eban hiru puntuak eskuratzeko.

Aurrelari bakar bategaz ekin eutson Athleticek Valentziaren aurkako partiduari, Villalibre, Raul Garcia eta Muniain jokatu ezinda egozalako. Iñaki Williams izan behar zan zuri-gorriek erreferentzia erasoan. Izan behar zan dinot, ze aurrelariaren errendimendua oso makala izan zalako. Jokalari "frankizia" batek ezin deutso hain gitxi emon bere taldearen jokoari. Egia da, gol aukera garbi bat euki ebala eta berak sortu ebala Sancetek huts egin eban gol aukerea. Orokorrean, baina, Valentziako atzelariak nagusi izan ziran lehia guztietan eta goiko baloietan Athleticeko aurrelariak ez eban bat bera be usaindu. Bartzelonaren aurka superkopan sartutako gol bikaina iraganeko kontua da eta Williamsi suspertzeko ordua heldu jako.

Marcelinok Athleticera iritsi zanetik emaitza onak lortu baditu be, badago kezkatzeko estatistika bat. Izan be, zuri-gorriak ez dira gauza izan Unai Simonen atea hutsean izteko entrenatzaile asturiarra San Mamesko aulkian dagoanetik. Kopa txapelketako final aurrekoetako kanporaketako joaneko partidua jokatuko dau Athleticek etzi San Mamesen eta esan beharrik ez dago golik ez jasotea erabakigarria izan daitekeela finalerako sailkapena eskuratzeko lehian. Orain dala urtebete jokatu eben zuri-gorriek Granadaren aurkako finalaurrekoaren joaneko norgehiagoka San Mamesen. Orduan Katedrala zalez ganezka egon zan. Etzi, baina, ez da Athleticen aldeko oihurik entzungo. Edozelan be, lehoiek aukera bikaina daukie beste final baterako sailkatzeko.