Garaipenik lortu ezinik jarraitzen dau Athleticek Liga txapelketan eta zuri-gorrien bolada negatiboa kezkatzen hasteko modukoa da. Izan be, Garitanoren taldeak bost puntu baino ez dauz lortu azken hogeta batetatik. Ganera, Celta eta Espanyolen aurkako partiduetan irabazi ez arren taldeak erakutsitako jokoa ona izan bazan, Getaferen aurka zuri-gorriak ezinean aritu ziran eta ia ez eben arriskurik sortu aurkariaren atean. Bordalasen taldeak ondo baino hobeto ekian zer egin behar eban San Mamesen Athleticen jokoa geratzeko eta Xabi Etxeitak, Damian Suarezek eta enparauek ederto egin eben egin beharrekoa hiru puntuak eskuratzeko. Kontuak kontu, Athleticen emaitza krisialdiak ez dauka etenik eta zuri-gorriek aukera bikaina galdu dabe sailkapeneko goialdean aurrerapausua emoteko. Halanda be, taldea lasai dago sailkapenean eta oraingoz baino ez bada be, ez dago argi gorria biztuteko arrazoirik.

Domekea oker hasi zan Athleticen-tzat, hego-haizeagaz etorri zan-eta. Esan beharrik ez dago herriko haizeak ez dauela -normalean behin-tzat- ezer onik ekarten Katedralean. Eta hegoaldetik etorritako Getafek be ez eban ezer onik ekarri zuri-gorrien estadiora. Gaizka Garitanok partidua amaitu ostean aitortu eban lez, José Bordalasek zuzendutako taldeak ondo mereziduta eskuratu eban garaipena, Athletic baino hobea izan zalako bedartzan. Getaferen jokoak eta jokabideak ez eben inor ezustean harrapau. Danok genkian, eta Garitanok inork baino hobeto, Bordalasen taldeak horma sendo bat jarriko ebala euren zelaian. Ez da kontu barria. Athleticeko entrenatzaileak eta bere jokalariek, baina, aurrean zer aurkituko eben jakin arren, ez eben asmau aurkariaren egiturea hausteko bideren bat aurkitzeko orduan.

Bordalasek baekian Athleticek min handia egiten dauela hegaletatik eta bina gizon ipini ebazan hegal bakotxean. Nyom eta Damián Suárez Yuri Berchicheren hegaletik eta Cucurella eta Olivera eskoiko hegaletik. Horregaz batera, Etxeitak, Djenek, Maksimovicek eta Aranbarrik aramu sare gaindiezina osotu eben barrutik. Getaferen planteamenduak ito egin eban Athletic. Erasorako arma barik itxi eban. Eta zuri-gorriek ez eben erantzuten jakin izan. Lotuta geratu ziran, ezinean.

Arratsaldea ilunduten hasi zan San Mamesen eta erasoan erakutsitako ezintasunari ezohiko biguntasuna gehitu jakon atzealdean. Bestela ezin leiteke ulertu zelan egin leiken Damian Suarezek Getareren lehen golean egin eban jokaldia. Messik Bartzelonaren aurka Valentzian jokatutako kopako finalean egindako jokaldia etorri jatan gogora. Damian ez da Messi baina zuri-gorriek alfonbra gorria ipini eutsien uruguiarrari Unai Simonen atera arte. Eta horrelako arratsalde epeletan gauzak okertzen hasten diranean normalean zorteak be ez dau laguntzen eta zoritxarreko jokaldi batek Getaferen bigarren gola ekarri eban.

Gauza on bi nabarmenduko neukez Getaferen aurkako partidutik: Alde batetik, zaleriak babestu egin ebala taldea partidu osoan, galtzen joan arren. Bestetik, Aritz Aduriz barriro zelaian ikustea albiste bikaina da talde zuri-gorriarentzat.

Ligako arazoak alde batera itxi eta hitzordu erakargarria bezain gatxa dauka Athleticek etzi Bartzelonaren aurka. Gaizka Garitanoren gizonek badakie zer dan Bartzelonari irabaztea denboraldi honetan San Mamesen. Katedrala irakitan egongo da eguenean. Egin daigun ametsetan.