Olatuaren ganetik jausi da Athletic azken bi jardunaldietako partidu biak galduta eta olatuen arteko zuloan dago orain burua azalera atara ezinik. Egia esateko, zuri-gorrien egoerea ez da larria sailkapenean, txapelketako lehen sei jardunaldietan lortutako puntuei esker. Edozelan be, Gaizka Garitanoren taldeak azken jardunaldi bietan erakutsitako jokoa oso eskasa izan da, erasoko jokoa sortzeari jagokonez batez be. Talde honen lehentasuna aurkariaren jokoa haustea da eta gehienetan lortu egiten dau. Kontua da, partidu hasieratik amaierara arte defenditzen ibiltea arriskutsua dala oso, jokaldi solte baten pikutara joan daitekeelako lan guztia, Balaidosen gertatu zan moduan. Futbolak zati bi ditu, erasoa eta defentsa, eta pentsa lei Athletici ahaztu egiten jakola aurkariaren aterantz jokatzea etxetik kanpoko partiduetan. Holan jokatuta oso gatxa da hiru puntuak eskuratzea.

Athleticeko entrenatzaileak aitortu egin dau taldeak arazoak dituela zelaiaren azken hogeta hamar metroetan. Beste era batera esanda, zuri-gorriei kosta egiten jake erasoko jokoa sortzea. Aztertu beharrekoa da zergaitik dituen arazo horreek: entrenatzaileak agintzen dauen planteamenduagaitik, defendiduteari erasotzeari baino askoz garrantzi gehiago emoteagaitik, ala jokalarien gaitasun tekniko esakasagaitik. Nire ustez, desoreka handia dago Athletic honetan, etxetik kanpoko partiduetan batez ere. Taldea golik ez jasoteko helburuagaz zelairatzen da eta gero gerokoak. Esan beharrik ez dago txalotzekoa dala Garitanoren gizonek defenditzeko orduan erakusten daben sendotasuna. Izan be, lau gol baino ez dabez jaso zortzi partidutan. Hau da, Athletic aurkari gatxa da menderatzeko. Balaidosen ez eban arazo handirik izan Celtaren jokoa geratzeko eta Vesgak eta enparauek baloi asko berreskuratu ebezan zelai erdian. Orduantxe, baina, sortzen ziran arazoak zuri-gorrientzat, baloia berreskuratzen ebenean ez ekielako zer egin edo egiten ebena txarto egiten ebelako.

Beste alde batetik, erasoko jokoaren zutabe nagusienak, Muniain eta Williams, ez dabilz oso fin. Horregaz batera, Garitano ez dago pozik hegaletatik zelairatu dituen jokalarien errendimenduagaz. Ibai eta Cordoba, partidu batzutan titular izan diran jokalariak, deialditik kanpo geratu ziran Balaidosen. Iker Munianek eskumatik eta ezkerretik jokatu dau bere lekua erdia izan arren. De Marcos ez dago ondo lesionaturik egon ostean, eta Gaizka Larrazabalek etxetik kanpo baino ez dau jokatu. Egoerea okertu eta aldaketak egiteko ordua iritsi danean, ordezkoen aulkitik urten daben jokalariek ez dabe taldearen jokoa suspertu. Aste bi daukaz aurretik Garitanok taldearen gabeziei urtenbideren bat aurkitzeko.

Esandako guztiak esan eta gero, baikor izan gura dot etorkizunari begira. Hasteko, ezin doguz ahaztu Bartzelona eta Realaren aurka San Mamesen jokatutako partidu gogoangarriak. Talde honek badaki futbolean jokatzen. Entrenatzaileak inork baino hobeto daki zer hobetu behar dauen taldeak. Asier Villalibre eta Ganea kenduta, plantilako beste gizon guztiak erabili dauz. Aldaketak ez ditu defenditzeko egiturako postuetan egiten, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri eta Dani Garcia titular diralako, lesinorik egon ezean. Saiakerak erasorako postuetan datoz. Unai Lopez, Beñat, Vesga, Ibai, Cordoba, Larrazabal eta De Marcos erabili dauz Raul Garcia, Muniain eta Williamsegaz batera baina haien errendimendua ez da ona izan. Ia Garitanok zorioneko tekla hori aurkitzen dauen.