Athletic denporaldi hasiera bikaina egiten dabil. Zuri-gorriek lau partidu jokatu dabez eta ez dabe bat bera be galdu. Garitanoren taldea sailkapeneko goialdean dago zortzi puntu eskuratuta. Zenbaki bikainak zalantza barik. Ganera, beste puntu bi eukiteko aukera ederra galdu eben Mallorcan, luzapenean penalti bat huts eginda. Edozelan be, esan beharra dago Athleticek orain arteko partidurik makalena jokatu ebala Son Moixen. Aurkariak normalean baino aukera gehiago sortu ebazan Unai Simonen atean eta erasora begira gauza gitxi egin eben Raul Garciak, Williamsek, Muniainek eta enparauek. Badago zer hobetu baina esan beharrik ez dago edoizen hausnarketa hobeto egiten dala sailkapeneko goialdean egonda estualdian baino.

Liga txapelketak euki dauen geldialdiak ez deutso onik egin talde zuri-gorriari. Gaizka Garitanoren gizonek partidu bikaina jokatu eben Realaren aurka San Mamesen. Atsedenaldiaren ostean, baina, zuri-gorriek itxura eskasa emon eben Mallorcaren zelaian, amaiera zoro baten, garaipena eskuratzeko zorian egon baziran be. Entrena-tzaileak derbian zelairatu eban hamaikakoa errepikatu eban Mallorcari aurre egiteko. Jakina, ondo funzionatzen dauena ez da ikutu behar eta garbi dago zuri-gorriak garaipenaren bila zelairatu zirala Son Moixen. Etxetik kanpoko partiduetan, baina, Athleticen errendimenduak beherakada nabarmena izaten dau. Holan gertatzen zan aurreko denporaldian eta aurtengoa be bardin hasi da. Jokalariek lan handia egiten dabe zelaian baina arazoak daukiez jokoa josi eta arriskua sortzeko aurkariaren atean. Etxeko partiduetan aurkaria zapaldu egiten daben jokalariak ezinean ibilten dira etxetik kanpo jokatzen dabenean. Itxuraldaketa hau ez da erreza ulertzeko.

Inoiz baino goizago egin ebazan aldaketak Garitanok partidua irauli eta garaipena eskuratu gurean. Beñat eta Aduriz zelaian zirala, markagailuan aurreratzeko aukerak euki ebazan talde zuri-gorriak baina etxeko taldeak be aukera garbiak huts egin ebazan Unai Simonen aurrean. Partiduaren amaiera zoroa ikusita, ontzat emon behar da Mallorcan lortutako puntua.

Zelai erdian ditu Garitanok buru hauste handienak. Unai Lopezen aldeko apostua egin dau denporaldi honetan baina pentsa lei partidu guztiak azterketak dirala gipuzkoarrarentzat. Izan be, aldaketa bat egiteko orduan bera izaten da hautagai nagusia zelaitik urteteko. Beste alde batetik, entrenatzaileak zelaian izan gura dauz beti Raul Garcia eta Iker Muniain. Horretarako, kapitainak ezkerretik edo eskumatik jokatu behar dau. Esan beharrik ez dago hegala ez dala leku egokiena haren jokoarentzat. Egia esateko, nik faltan botaten dodaz hegal dinamikoagoak eta gusture ikusiko neuke Gaizka Larrazabal eskumako hegaletik. Ezkerretik, Iñigo Cordoba ez dabil bere onena emoten lesionatuta egon ostean.

Alavesen aurka jokatuko dau Athleticek hurrengo partidua San Mamesen. Bartzelona eta Realaren aurka ikusitakoa ikusita, zuri-gorrien errendimendurik onena itxaroten dogu talde babazorroaren aurka. Asier Garitanoren taldea ez da aurkari erreza izango, are gehiago azken jardunaldian etxean galdu ostean. Edozelan be, San Mamesek gotorleku izaten jarraitu behar dau.