ATHLETICEK ederto ekin deutso liga txapelketeari, Bartzelonaren aurkako garaipen gogoangarriaren ostean puntu bat lortuta lehen mailako zelairik gatxenetarikoan. Eta hasiera on hau taldearen sendotasunean dago oinarrituta. Bartzelonak zein Getafek ez dabe ia arriskurik sortu Unai Simonen atean. Zuri-gorrien defentsa-egitureak bikain bete dau bere beharra orain arte jokatutako partidu bietan, San Mamesen zein Alfonso Perez estadioan. Esan beharrik ez dago Gaizka Garitanok sendotasun horretan oinarritu gure dauela bere taldearen arrakastea. Athletic, menderatzeko aurkari gatxa izango da edozein talderentzat.

Lau punto eskuratu dauz Athleticek aurreko denboraldian ligako sailkapenean lehenengo postuan eta seigarrenean amaitu eben taldeen aurka. Garitanoren taldeak ez dau galdu, gol bakarra jaso dau eta ez deutse ia aukerarik sortu. Beraz, zalantza barik esan geinke denboraldiaren hasierea ona izan dala. Eta taldeari aurreko denboraldian Berizzogaz jazo jakona kontutan izanda, esan beharrik ez dago oso garrantzitsua zala aurtengoari hasiera ona emotea igaz bizi izandako amets gaiztoa uxatzeko. Getafeko partidua lubaki gerrea izan zan eta Athleticek ez eutson aukerarik emon joko mota horreri etekin handia ataratzen dakien aurkariari.

Gaizka Garitanok oso argi ditu ideiak eta zelan eta nogaz jokatu gura dauen. Igarri egiten da ez dala heldu barria eta dagoeneko ia urte bete daroala klubean. Lehen jardunaldi bietan ikusitakoaren arabera, Athleticen hasierako hamaikakoa ondo zehaztuta dago eta lesinorik ezean ez da aldaketa handiegirik izango jardunaldi batetik bestera. Zaleek buruz ikasten daben horreetakoa bilakatu daiteke. Unai Simon, Capa, Yeray, Berchiche, Iñigo Martinez, Dani Garcia, Munian, Raul Garcia eta Williamsek minutu asko jokatuko dabez aurten. Hamaikakoa osatzeko geratzen diran postu bietan egon daitekez aldaketak. Unai Lopez, Beñat, Larra, Ibai eta Cordoba dira hautagaiak hasierako taldea osatzeko. Garitanok burukomin “gozoa” eukiko dau atzealdean. Hasiera baten ordezko izan behar zan Unai Nuñezek Iñigo Martinezen hutsunea bete dau lehen jardunaldi bietan eta Portugaletekoak bikain bete dau bere lana. Orain Ondarroako atzelaria errekuperatuta dago eta leitekeena da titular izatea Realaren aurka. Oscar de Marcos lesionatuta, Gaizka Larrazabalen aldeko apostua egin dau entrenatzaileak Ibai Gomezen kaltetan.

Realaren aurkako derbiari ekin deutse zuri-gorriek datorren bariku gauean. Talde biek hasiera ona emon deutse denboraldiari. Imanol Alguacilen taldeak lau punto eskuratu dauz lehen jardunaldi bietan, etxetik kanpo jokatuta ganera Valentzian eta Mallorcan. Antza danez, aspaldiko denboraldietako talderik erasokorrena dauka aurten Realak. Odegaard, Real Madridek itxitako jokalari norvegiarrak kalidade handia emon deutso gipuzkoarren erasoko jokoari. Edozelan be, norgehiagoka San Mamesen jokatuta Athletic faborito da hiru puntoak eskuratzeko, estadistikek kontrakoa esan arren. Azken zazpi denboraldietan zuri-gorriak behin bakarrik nagusitu dira Katedralean zuri-urdinen aurkako derbietan. Igaz bertan, 1-3 irabazi eben donostiarrek zortzigarren jardunaldiko partiduan. Orduan Berizzo eta Asier Garitano egozan aulkietan. Bartzelonaren aurka lortutako garaipen bikainaren oroitzapena bizi-bizi dogula joango gara barikuan San Mamesera.