traineru denboraldiak hasiera bikaina euki dau eta Eusko Label ligea aurreikuspen guztiak beteten dabil. Lau estropada jokatuta, hiru garaile izan dira. Oriok ezustekoan harrapau ebazan aurkariak lehen estropada bietan. Hurrengo asteburuan, baina, Hondarribia eta Santurtzirentzat izan dira banderak. Zierbena eta Donostiarrak ez dabe garaipenik eskuratu baina jokatutako lau estropadetan argi eta garbi erakutsi dabe edozein estropada irabazteko gauza dirala. Sailkapenera begiratzea besterik ez dago faboritoen arteko parekotasuna ikusteko. Orioren atzetik lau traineru dagoz hiru punturen barruan. Ezin da gehiago eskatu. Eta hondino hamasei estropada dagoz jokatzeko Eusko Label Ligan, Bizkaia, Euskadi eta Espainiako txapelketak eta Kontxako hiru estropadak.

Zer edo zer nabarmentzekotan, arestian aipatutako parekotasunaz ganera, Urdaibaiko traineruak erakutsitako ezina litzateke. Bou Bizkaia ez zen faboritoetatik urrun ibili Bilboko banderan baina Zierbenan bedera-tzi segundo kendu eutsazan irabazleak. Edozelan be, danok itxaroten genduan bermeotarren erreakzinoa Santanderren eta Lekeition. Asteburuko estropada biak, baina, ez dira bape positiboak izan Joseba Fernandezek zuzentzen dauen traineruarentzat. Santanderren seigarren amaitu eben, irabazlearengandik 21 segundora eta Lekeition gorantz egin beharrean hondoa jo eben. Urdaibai hirugarren geratu zan bere txandan, Santurtzi irabazlearengandik 35 segundora eta zortzigarren sailkatuari, Kaikuri, lau ehuneko bakarrik kenduta. Arraunlariek gorputz eta arima ipini arren, Bou Bizkaia ez dabil. Urdaibairi zer jasoten jakon jakitea ez da bape erreza. Egungo Liga txapeldunak dira eta koadrilan aldaketa batzuk egon badira be, ordezko onak ekarri dabez. Entrenatzailearen gaitasunak be ez dau eztabaidarik onartzen. Beraz, gatxa da ulertzen zergaitik dabilen hain makal Bermeoko trainerua. Hondoa jo ostean, gorantz egiteko aukerea baino ez da geratzen.

Eta ezusteko negatiboa Urdaibai bada, Kaiku da ezusteko positiboa. Aurreko denboraldian mailari eusteko larri ibili ostean, Bizkaitarra oso emaitza onak lortzen dabil denboraldi honetan, erregulartasun handia erakutsita ganera. Ondarroa, uste eta nahi baino makaltxoago dabil eta datorren zapatuko estropadan lehen txandan egingo dau arraunean. Lekittarrari jagokonez, Isuntzako trainerua bizirik dago, jaisteko postuetatik kanpo. Ez da gitxi igo barria dan traineru batentzat eta koadrila harrobiko arraunlarietan oinarritzen dauen klub batentzat.

KAE ligeari jagokonez, Deustu eta Arkote, denboraldi hasieran jarritako helburuak beteten dabilz. Lehenengo hiru estropadetan Zarautz nagusitu ostean, Deustuk ez dau amore emon eta Jon Elortegi Txapasen mutilak nagusitu dira Baionan. Sailkapeneko bigarren postuan dagoz, play offa jokatzeko tokian. KAE2ko ligan Getxok irregulartasun handia erakutsi dau eta Bermeoko harrobiko traineruak aurrerapausua emon dau.

Emakumezkoen Traineru Ligan, pozgarria da Bizkaiko lau traineru ikustea lehian, Kaiku, Deustu, Isuntza eta Ondarroa. Lehia gogorra dago sailkapeneko goialdeko postuetarako eta Kaiku eta Deustu politxo ibili arren, Hibaika, Zumaia eta Tolosaldearen atzetik dabilz.