Besarkada hautsia
Pasa den larunbatean, Ondarroa kolorez jantzi zen berriro ere. V. Aniztasunaren Besarkada Eguna ospatu genuen, Ekai Lersundi Martinezen oroimenez eta aniztasunaren, askatasunaren eta errespetuaren alde. Urtero bezala, bihotza betetzen duen eguna izan zen: musikaz, irribarrez, elkartasunez eta besarkadez beterikoa. Hala ere, aste honetan sare sozialetan irakurri ditudan hitzek bihotza apurtu didate. Egunkari honek argitaratutako reel batean, Batukada Feminista agertzen zen jotzen, eta komentarioek infernua ziruditen: “Malfolladas”, “orcos”, “gordas”... Hori al da gure gizartearen ispilu garbiena? Non dago duintasuna? Nola liteke oraindik ere emakumeen ahalduntzeak, elkartasunak eta indarrak horrenbesteko zalaparta sortzea? Beldurra? Gorrotoa? Ekai ez zen soilik mutil trans bat; bizitzaren maitale bat zen, eta sistema baten biktima. Bere izena aldarrikatzen dugun egunean, gizarteak erakutsi du ez duela oraindik ezer ikasi. Gorroto hitzak ez dira iritziak, zauriak dira. Eta zauri horiek, egunero, norbaiten bihotzean irekitzen dira berriro. Ez dut ulertzen zergatik dauden hainbeste pertsona besteen zoriontasuna erasotzeko prest. Zer beldur dute? Zer galtzen dute aniztasuna ospatzen dugunean? Nekatuta nago, nekatuta gorrotoaren zarata entzuteaz, maitasunaren soinua itoaz. Eta hala ere, ezin dut etsi: “Besarkadek gutxienez sei segundo iraun behar dute”, esan zuen Elaxarrek, Ekairen aitak. Nik luzatuko ditut besoak, berriro eta berriro. Bada garaia gizarte honek ere ikas dezan maitasunak ez duela mugarik.