Bazterretan indartzen ari da norberaren interesak bestelakoen aurretik jartzeko joera. Akaso, bizitza komunitarioa ahultzearen ondorioetako bat izango da lagun hurkoa kontuan ez hartzera eramaten zaituena. Eragina nonahi antzeman daiteke. Hasi enplegatu publikoek bere eskubideak herritarrek jaso beharreko zerbitzuaren gainetik gainjartzen dituztenean, leihatila batetik bestera erromesaldira kondenatzen edota halako edo bestelako agiriak ekarri bitartean artatuko ez dituztela baieztatzen dietenean. Errepasoa sailez sail egin daiteke adorea erregaltzeraino, zorionez, salbuespen gutxi batzuk badaude ere. Batzuei ahaztu zaie herritarren zerbitzura daudela, ez alderantziz, antza denez. Gero, asaldatuko gara gizartearen gehiengoak halako enplegatuekiko kontrakotasuna erakusten duenean.

Interes pribatutik haratago doa gure pentsamenduak gainerakoek onetsi ez ezik barruratu ere egin behar dituztela azpimarratzen digunean. Esplikatu ezinik gabiltza nola den posible herritar batzuen eskubideak zalantzan jartzen dituztenak, direla migratzaileak, direla berdintasun-politikak, gay, lesbiana zein bestelako gizataldeekikoak eta abar luzea poliki-poliki aurrera doazela eta hainbat eremutan gero eta eragin zabalagoa dutela. Beharbada, ez gara mezuetan, ez eta politikak zehazteko eta gizarteratzeko moduetan ere, asmatzen ari. Eskandaluzkoa delako, gizatasun oro galtzea ere badakarrelako jatorriari bizkarra emanda datozen, mafien ganadu bilakatu diren eta Mediterraneoa hilobi komun bihurtzen ari den honetan, migratzaileak gure arazo ia guztien iturburutzat jotzea.

Zergatik halako herra sexu-dibertsitatea tartean dagoenean! Ez ote da izango jende bat ez dela zoriontsu bizi, frustrazio etengabean murgilduta dagoela eta lagun hurkoa zoriontsu bizi dela onetsi ezin duela? Zergatik arduratzen gara besteez gureaz bainoago! Eta berdintasun politikak zein kalte dakarte? Zergatik emakumeek ezin dute libre nonahi eta nolanahi bizi? Nago, guztietan, sakoneko arazoa, elkarrekin berdintasunean bizi ahal izateko, deserosotasunak onartzea dagoela.

Deserosotasunak dakar gehiago izateko zortea izan duenak ekarpen are handiagoa egin behar izatea; beste batzuen eskubideen urraketen gainean aurrera egitea lortu duenak pauso bat atzera egitea; onestea guzti-guztiok gure ekarpena egin behar diogula, nork bere mailan eta neurrian, bizi garen gizarteari; deserosotasunak dakar ahulenak, berdin pertsonak, kulturak, hizkuntzak zein bestelakoak babesteko erabakiak eta politikak abian jartzea, inoren kontra baino denon fabore egitea delako, horrek gizarte kohesionatuagoa, berdintzaileagoa eraikitzea dakarrelako. Bidezkoa delako ahulenak aupatzen saiatzea. Berdintasuna ez da berdinkeria. Berdintasunaren oinarria aniztasuna eta aukera berdintasuna da, bizitza proiektu bat eraikitzeko eta garatzeko... Baina horretarako den-denok onartu behar ditugu deserosotasunak, ondo zein gaizki datozkigunean.