URDURI nago, egonezinik, sosegurik gabe bizi naiz egunotan ez dakidalako oraindik zer egin behar duen Donostiako Udalak Donostia-San Sebastián letra urdin handiekin Miramar parkean jarri eta berehala kendu duen tramankulu horrekin. Nonbait irakurri dut batzuek uste dutela lekua ez dela egokiena, eta non jarriko ari direla pentsatzen, baina beste iturrien arabera (atsegin dut iturriena) arazoa da zerez egina dagoen tramankulua (egia esan ez dakit nola deitu, kartela ez zait zuzena iruditzen, eta monumentua gehigizkoa da zalantzarik gabe); hori egia balitz materiari buruzko eztabaida ia filosofikoa izango lukete oraintxe bertan udaletxeko korridoreetan itsasoari begira. Ez al da xarmangarria? Urduri nago, egonezinik, sosegurik gabe: Donostiara joango banintz bihar non aterako nuke Donostian bertan nagoela frogatzen duen argazkia (izan selfia, izan donostiar batek nire eskaera atsegina jendetasunez hartu eta aterata), are gehiago nola jakingo nuke Donostian nagoela benetan, nola adieraziko nioke munduari sare asozialetan zorionekoa naizela Donostian? Xaloren batek pentsatuko du Donostiak ezaugarri asko dituela berariazkoak eta nahastezinak (Kontxa, Igeldoko funikularra, terrazetan zerbait hartzeagatik ordaindu beharreko kontu astronomikoak...). XX. mendean bizi al zarete oraindik? Ziur naiz Txinan badagoela Donostiako erreplika pare bat (Urgull, Goia, Gasco eta guzti) guztiz alferrikako egin dutenak Donostiaraino joatearen nekezia hartzea. Letra urdin eta handiekin egindako monumentu hori (bai, ausartuko naiz) errepikaezina izango litzateke guztiz, bakarra, txinatarrek ezin izango lukete kopiatu teknologia aurretuenak erabili arren. Eskarmentua dudalako nago urduri, egonezinik, sosegurik gabe: bizi naizen hirian badugu horrelako tramankulu-monumentu bat. Horri esker turistek (eta nik neuk egun batzuetan) badakite non dauden eta zeri atera behar dioten argazkia. Bestela galduko lirateke zeren denda, taberna eta jatetxe gehienak beren hirietan ikusten dituztenak bezalakoak dira, igoal-igoalak, izen berberekin. Gasteizkoa Txileko goroldioz egina dagoela uste dut. Oi, donostiarrok, esan gabe doa, hori gainditu ahal duzue.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
