MADRILGO Kongresuko eztabaida zakarraren pasarte batzuk ikusi ditut telebistan. Noraino jaitsi den eztabaidaren maila; hauek badira herritarren ordezkari, eta ondorioz, ezberdinen arteko elkarrizketaren eredu, jai daukagu, pentsatu dut. Hitzaren balioaz pentsarazi dit honek, bereziki Teleberriko hurrengo albistea entzutean, gaur hasten den Euskaraldiarena, hain zuzen ere. Aho bizi edo belarriprest izango diren guztiek hurrengo egunetan izango dituzten esperientzia berri horietan, euskararen erabilera sustatzeaz gain, beste zerbait ere landuko baitute: elkarbizitza. Euskaraz hitz egiten dutenen eta euskara hitz egiten ez dutenen baina ulertzen dutenen artekoa; euskaraz hitz egiten dutenen eta euskara jakin baina gaizki egiten dutelakoan erabiltzen ez dutenen artekoa; euskaldun zahar eta ikasten hasi direnen artekoa; eta euskaraz bizi nahi eta euskara euren eguneroko mapan inondik ageri ez den horien artekoa ere.
Erronka bat da. Bakoitzaren eskubideak naturaltasunez berma-tzeko elkarbizitzan oinarritzen den esperimentu bat. Polita izango da Euskaraldiaren ostean hizkuntza erabileraren inertziak aldatzeko balio izan duen egiazta-tzea, baina horrez gain, polita izango da ikustea posible dela elkarrizketa batean aldi berean euskara eta gaztelera erabiltzea, beti denek hizkuntza indartsuaren poderioz, gaztelerara pasatu beharrean. Ederra izango da euren egunerokoan euskara erabiltzeko irrikan dauden hainbat euskaldun berrik, adibidez, espazio berriak konkistatzea, edo euskaraz bizi nahi duen orok espazio zabalagoa aurkitzea nahi duen hizkuntzan hitz egiteko. Edo euskara beti urrun ikusi duten askok euskara euren etxeko atarian dagoela sentitzea.
Baina guztiaren gainetik, guztion eskubideak errespetatzeko gai garela erakutsi dezakegu Euskaraldiaren bitartez. Hain justu hainbat lekutan eztabaidaren maila nola jaitsi den ikusita, bada aukera bat gizarte honen heldutasuna erakusteko. Izan ere, Euskaraldiaren bitartez ahoak eta belarriak prest ditugun egiaztatzeaz gain, bestea entzuteko prest gauden ala ez neurtuko baita.