Hamaika 11ko
ETZIDAMU da eguna. Egoitzara txapa edo pin-a bila datozenei argi azaldu diegu, barikuan, ostiralean hasten dela, aurten arte sekula egin ez den, 11 eguneko kanpaina berezia. Ohikoa, munduko normalena izan behar lukeena edota izatea nahi duguna egun gutxi horietara ekarri behar dugu denon artean. Ez, inolaz ere, 11kada horretan uzteko edo gelditzeko asmoarekin, behin egin ahal dugula frogatuz ildo berean aurrera egiteko gure bizitza arruntan zein edozein bereizitasunean. Mirari bat irudituku zaigu, hainbatean, esaten nabilena; gure berbeta naturala segituan erabiltzea besterik ez denean. Miraria, geurea eduki eta beste edozein erabiltzea izan behar luke. Zenbakiz darabilt 11 hori, hamaika hitzez erabiltzeak asko gehiago adierazten digulako. 11 ez ezik hamaika euskaldun bolondres gabiltzalako 11 egun horietatik hasi eta horietatik aurrera hitzegiteko orduan gure ohiturak alda ditzagun eta hamaika tokitan lehen berbatik aurrera euskera mintzatu gaitezen. Ohitura aldaketa bat, bai. Medikuak gaixo gehienei esaten dien moduan ez duela hilabeteko dieta bat egiteak balio, ohiturak aldatzea dela osasun bidea. Euskararen osasunak mereziko du denon ahalegin eta betebehar hau.
Behin hona ezkero, batez ere nirea bezalako txokoetara sartzen zaretenok, sobera dakizue Euskaraldiaz nabilela. Hedabide gehienek zinez eta borondatez lagundu dute Euskaraldia ekimena zabaltzen. Jakitun izango zarete, noski, hitz edo termino berri bi kaleratu ditugula kanpaiana bitxi edo berritzaile hau aurrera eramateko. Belarriprest edo Ahobizi izateak ez du inondik ere esan nahi euskadunok bi taldetan, bi mailetan banandu nahi ditugunik, justu alderantziz bata bestearen osagarri egitea baizik. Ahobiziaren ardura izango da dagoen lekuan lehen -eta hurrengo- hitza euskeraz egiteko ekimena eta belaprestak adieraziko dute dakiten neurrian haiei entzun eta erantzuteko jarrera irekia. Irrikitan nago 11kako hori hasteko, txapa paparrean ipini eta non-nahi euskeraz -beti bezala- txapa emateko. Ondo jakinik hasiera besterik ez dela eta hamaika 11ko ditugula aurretik.