maite ditut maite euren kontradikzioak agerian uzten dituzten pertsonak. Maite ditut maite euren buruari barre egiten diotenak. Maite ditut euren iritziaren kontrakoak diren adierazpenak en-tzun bitartean isilik eta adi dauden pertsonak. Maite ditut zer moduz zauden galdetzen dizutenean, erantzuna entzuteko adi geratzen diren horiek. Jende asko maite dut. Halako jende asko baitago. Nik batzuk ezagutzen ditut behintzat.

Gorroto ditut euren ahotsa baino entzuten ez dutenak, besteen iri-tzien aurrean bat batean gor gelditzen direnak. Gorroto ditut, esan berri duzuna bere hitzekin berriz esplikatzen dizuten horiek, eurei bururatu izan balie bezala. Gorroto ditut aparkatzeko lekua dagoenean autoa bigarren lerroan uzten duten horiek. Gorroto ditut egunon, arratsaldeon, gabon edo eskerrik asko esaten ez dakitenak. Gorroto ditut beti euren minak zureak baino askoz larriagoak dela azaltzen saiatzen diren horiek. Halakoak ere asko baitaude. Nik ezagutzen ditut batzuk behintzat.

Egunkaria irakurtzen nengoen, herenegun: Beste emakume baten hilketa, istiluak Katalunian, eraso xenofoboak Alemanian, Mediterraneoa zeharkatu nahian aurten hil diren pertsonen kopurua, Siria? Eta halako batean ezkortasun antropologikoa sentitu nuen. Gizakiarengan itxaropena galtzeko zorian nengoen, telefonora argazki bat heldu zitzaidan arte. Nire ilobak bidalitakoa zen, Grezian ari da lanean azken hilabetetan, itsasoan, Europara sartu nahian datozen etorkinei laguntzen. Hogei urteko ilobaren gogoa kutsatu zitzaidan orduan. Hangoa oso gogorra dela baina inoiz baino zoriontsuagoa dela esaten zidan, inoiz ez duelako ezagutu han laguntzen dagoen jendea bezalakoa. Inoiz ez duelako ikusi aldi berean munduaren irudi latzenetakoa, eta aldi berean gizaki talde bat bere onena ematen. Han zeuden argazkian, txalupa batean, txalekoak jantzita, munduko bazter ezberdinetako lagunak.

Eta orduan pentsatu nuen askotan gorroto dudala gizakia, munduari eta beste gizakiei egiten dionagatik. Baina aldi berean, pertsona asko maite ditudala maite. Eta sinetsi nuen maitagarriak besteak baino askoz gehiago direla. Ea noiz arte irauten didan ilobak kutsatutako itxaropena.