EZ da bape erreza azaltzea Athleticen gertatzen ari dana. Taldea Europa Leagueko final zortzirenak jokatzeko sailkatu da Spartak Mosku, Errusiako txapelduna kanporatu ostean. Hiru egun beranduago, Kuko Zigandaren koadrilak azken sei jardunaldietako bolada txarrari amaierea emon eta garaipena eskuratu dau San Mamesen. Ondorioz, jaisteko postuak hamabi puntura dagoz, eta Europarako sailkatzeko postuak lau puntura. Kontuak kontu, datu objektiboak aztertuta, Athleticek bizi dauen egoerea lasaia dala esan geinke. Zoritxarrez, baina, taldearen eta, batez be, entrenatzailearen inguruan dagoan giroa gaiztoa da benetan. Taldearen jokoa ez da ona eta zuri-gorriek sufridu egiten dabe edozein aurkariren aurrean, San Mamesen zein bertatik kanpo. Zaleria gogaituta dago. Edozelan be, “Kuko vete ya” entzutea Katedralean mingarria da oso, entrenatzailarentzat berarentzat eta edozein Athletic zalerentzat. Jose Angel Ziganda jasaten dagoan jazarpena onartuezina eta bidebakoa da, are gehiago sailkapenean taldearen egoerea lasaia ikusita. Entrenatzailea eta bere laguntzaileak arduratuta dagoz taldeak ez dauelako ondo jokatzen. Inork baino hobeto dakie taldea ezinean dabilela eta ahalegin guztiak egiten dabilz egoereari bueltea emoteko, orain arte lortu ez badabe be. Zaleriaren zati handi baten jarrera gaiztoak eta erasokorrak ez dau bape laguntzen. Hori ez da gure estiloa.
Zelaian bizi izandako kalbarioak jarraipena euki eban partidu osteko prentsaurrekoan. Sei jardunaldiren ostean partidu bat irabaztetik etorri arren -sufriduta baina irabazita- kazetariok egindako itaunak entzunda, emoten eban taldea porrot handi batetik etorrela edota jaisteko arrisku larrian egoala. “Kuko vete ya” entzun zan San Mamesen, bai, baina zaleriaren zati batek abestuta eta minutu erdian asko jota. Halanda be, esaldi horretatik abiatuta sortu ziran galdera gehienak edo asko behintzat. Ziganda nahiko lasai agertu bazan be, azkenean setiatuta ikusi eban bere burua, “klubaren esanetara nago” esan eban arte.
Ez da giro Athleticen. Taldearen joko eskasak gogaitu egin dau zaleria. Egia esateko, ez dot gogoratzen hain giro garratza San Mamesen aspaldiko urteetan. Zigandak bizi dauen jazarpena ikusita beste entrenatzaile biren izenak datorkidaz burura: Jabo Irureta eta Jose Luis Mendilibarrenak. Irureta, 1994-95 denboraldiko 26 jardunaldian kendu eben kargutik San Mamesen Sevillaren aurka galdu ostean. Jabok bere aurkako kanpaina bortitza jaso eban orduan. Gauza bera gertatu zan Jose Luis Mendilibarregaz 2005-06 denboraldian. Hamar jardunaldi bakarrik iraun eban Zaldibarkoak San Mamesko aulkian, Celtaren aurka San Mamesen bardindu ostean kargutik kendu eben arte. 2014-15 denboraldiaren lehen zatian, Ernesto Valverde berak be une gogorrak bizi izan ebazan. Gaiztoak gara etxekoekaz.
Kuko Zigandak inork baino hobeto daki zer dan amildegira jausteko zorian egotea. 1996ko maiatzaren 25ean Athleticek hil ala biziko partidua jokatu eban San Mamesen Rayo Vallecanoren aurka. Jose Mari Amorrorturen taldeak -Stepanovic ordezkatu eban- irabazi egin behar eban lehen maileari eusteko eta zuri-gorriak 3-1 nagusitu ziran Kuko Zigandak sartutako hiru golei esker. “Nire kirol ibilbidean sartu ditudan gol garrantzitsuenak” dino beti nafarrak. Giro itzela egon zan orduan harmailetan. Gauza bera esan geinke 2006-07 denboraldian Levanteren aurka azken jardunaldian San Mamesen jokatutako partiduaz. Horreek dira benetako egoera larriak eta ez Athleticek gaur egun bizi dauena.