athletic zaleok ezusteko galanta hartu genduan liga txapelketako azken partiduan. Argi egoan Eibarren aurkako norgehiagoka ez zala bape erreza izango, Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen dauzan taldeak beti aurkari gogorrak izaten dira-eta. Edozelan be, inork ez eban itxaroten Athleticek hain maila eskasa emongo ebanik. Are gitxiago, azken minutuetan bere zelaian sartuta egongo zanik bardinketeari eutsi ezinik. Kuko Zigandak berak argi eta garbi esan eban moduan, Athleticek atzerapausu nabarmena emon eban Eibarren aurkako partiduan, denboraldiko unerik makalenetan erakutsitako joko negargarrira itzulita. Hamar jardunaldi daroez zuri-gorriek galdu barik baina hiru partidu bakarrik irabazita. Amildegitik urrun ibili arren -jaisteko postuak hamar puntura dagoz- Zigandaren taldeak ezin dau holan jarraitu, hoberantz egiten ez dauenak txarrerantz egiten dauelako.
Kepa Arrizabalaga eta Aymeric Laporte izan dira hizpide nagusi azken egunetan Athleticen. Poz itzela hartu genduan atezainaren eta Athleticen arteko akordioaren barri jaso genduanean. Ospatzeko ia asti barik, Aymeric Laporte Manchester Cityk fitxau gura ebala jakin genduan. Kontuak kontu, Eibarren aurkako partiduaren ganean ia berbarik egin barik heldu zan Jose Luis Mendilibarren taldearen aurkako norgehiagoka. Espanyol eta Getaferen zelaietan puntu bana eskuratu ostean iritsi zan gipuzkoarren aurkako lehia. Aurretik, zuri-gorriek garaipen erreza lortu eben Alavesen aurka, urte barrian San Mamesen jokatutako lehenengo partiduan. Ganera, bederatzi partidu galdu barik eroanda, inork ez eban itxaroten Athleticek hain partidu txarra egingo ebanik.
Hasiera-hasieratik erakutsi eben Zigandaren gizonek ez eutsela ganoraz ekin norgehiagokari. Lehen zati negargarria egin arren, zuri-gorriek aurkari garbi bi euki ebezan markagailuan aurretik ipinteko. Eta futbolean sarritan gertatzen dan moduan, gola sartu ostean etorri ziran etxeko taldearen minuturik makalenak. Eibarrek aurrepausu bat emon eta dardakadan ipini ebazan Zigandaren gizonak, gauza handirik egin barik. Partiduaren azken minutuak lotsagarriak izan ziran, San Mamesen Athletic nekez ikusten da-eta bere atea zaintzen norgehiagoka bardinduta egonda. Entrenatzaileak be ez eban askorik lagundu egin ebazan aldaketak eginda.
Athleticeko entrenatzaileak hamaikakoa errepikatu dau azken jardunaldietan, joko bikaina erakutsi ez arren nahiko sendo agertu dalako. Barikuko ikuskizun negargarriaren ostean garbi dago Zigandak zer edo zer ikutu behar dauela hasierako taldean. Beñat eta Iñigo Cordoba dira hautagai nagusiak hamaikakoan sar-tzeko. Horregaz batera, ea De Marcos eta Balenziaga taldera itzultzen diran, euren ordezko bien errendimendua benetan makala izan da-eta.
Beste alde batetik, bihar bertan zarratuko da neguko merkatua. Athleticek jokalari bi galdu dauz, Eneko Boveda eta Aymeric Laporte, eta oraingoz behintzat ez dau inor ekarri hareen hutsunea beteteko. Deigarri egiten jataz atzelari fran-tziarraren ganean entzun dodazan laudorioak. Antza eskerrak emon beharrean gagoz Manchester Cityren eskaintzea onartu eta Bilboko taldea itxiko dauen jokalariari. Kepa Arrizabalaga, barriz, gurutzean josi eben Athleticen eskeintzeari luzaroan erantzun barik egon izanagaitik. Ondarroatik Ondarroara. Iñigo Martinez fitxatzea da Aymeric Laportek itxitako hutsunea beteteko modurik egokiena. Horretarako, baina, jokalariak Bilbora etortea nahi izan behar dau.