ATHLETICEN web orrira jo neban atzo goizean izartu eta berehala Kepa Arrizabalaga eta Athleticen arteko akordiorik egoanentz jakiteko. Domekan hainbat hedabidek zabaldu eben Ondarroako atezainak baiezkoa emon eutsala Ibaiganetik egindako azken eskain-tzeari eta klubak albisteari ofizialtasuna emotea besterik ez zala falta. Kontua da, aurretik hainbat eta hainbat barri zabaldu dirala kontu honen ganean eta gehienak egia izatetik urrun geratu diran lez, ez nago ezer sinesteko prest baieztapen ofizialik ez badauka. Kepa Arrizabalagak Athleticen jarraitzea erabagi izana albiste bikaina da ezelango zalantza barik. Ganera, hedabideetatik elikatu dan kulebroi honeri amaiera emotea be barri ona da taldearentzat, kanpoko zaratak kendu eta buru belarri ekin ahal izango deutso-eta lehiaketari.

Esan beharrik ez dago Kepa Arrizabalaga eta Athleticen arteko negoziazinoa nahi baino gehiago luzatu dala. Edozelan be, ez dogu ahaztu behar atezainaren kontratua ekainaren 30ean amaitzen zala. Xabi Etxeita egoera bardinean egoan eta urtarrilaren 12an sinatu eban bere kontratu barria. Mikel Ricorena ekainean amaitzen da eta hondino ez dau akordiorik adostu Athleticegaz taldean jarraitzeko. Kontua da, Keparen kasuan hirugarren bat sartu dala Athletic eta bien arteko hartu-emonetan. Edo horixe esan deuskue behintzat Madrileko hedabideek. Beste hainbat gauza be saldu deuskuez eta ziurtzat joten eban Ondarroako atezainak Real Madriden jokatuko ebala urtarriletik aurrera, osasun azterketea be egin ebala ganeratuta. Azkenean, baina, Lezamako harrobiak aspaldian emon dauen jokalaririk onenak Athleticen jarraituko dau hurrengo denboraldietan. Ez dot uste inor agertuko danik parkamena eskatzen guzurrezko barriak zabaldu izanagaitik, albistea emoten lehenengoa izateko ganorabako lehian.

Ez dakit zenbat denpora daroan Kepak adierazpen publikorik egin barik. Kontratu barria sinatu ostean Lezamako prentsa aretoan agertu beharko da, aurretik Williamsek, Etxeitak, Lekuek, Herrerinek eta kontratua barritu daben jokalari guztiek egin daben moduan. Hasiera baten, Kepak gauza asko argitu behar dauzela pentsa geinke. Gertatutakoa ondo aztertuta, baina, atezainak ez dau azalpen handirik emon behar. Izan be, berak ez dau ezer esan azken hilabeteetan eta bere inguruan zabaldutako albiste guztiak kanpotik sortutakoak dira. Negoziazinoa nahi baino gehiago luzatu da, bai, baina horrek ez dau esan gura errua alde bakar batena izan danik. Kontuak kontu, Kepa Arrizabalaga Revueltak Athleticen jokatuko dau eta albiste bikaina da taldearentzat eta klubarentzat, erakunde lez.

Eneko Boveda Altubek urten egin dau taldetik beste bide bat hartzeko. Zaratarik egin barik joan da, euskeraz idatzitako agur hunkigarria itxita. Athleticen lehen taldeko jokalariak eredugarriak izan behar dira Lezamako harrobiko gazteentzako. Eredugarri izateko ez da gol askorik sartu behar. Eneko Boveda jokalari eta pertsona eredugarria da. Geurea.

Kuko Zigandaren taldeak bederatzi jardunaldi daroaz galdu barik. Marka horrek garbi erakusten dau Athletic aurkari gatxa dala edozein talderentzat. Zuri-gorriek, baina, hiru garaipen baino ez dabez lortu azken bederatzi partidu horreetan. Zigandaren taldea ez zan garaipena eskuratzeko gauza izan Getafen bi bider aurreratu eta Herrerinek penalti bat geratu arren. Ganera, gol bi jaso ebazan aspaldiko partez. Iraganeko sasoi ilunak atzean itxi arren, taldeak zer hobetu asko dauka hondino. Zuri-gorriek azterketa gogorra daukie barikuan Jose Luis Mendilibarren Eibarren aurka.