ATHLETICEK aurrepausuak emoten jarraitzen dau. Kuko Zigandaren taldeak hondoa jo eban Formenteraren aurkako kanporaketan eta amildegia hain hurre ikusi izanak jokalarien erreakzioa ekarri dau. Zenbakiak adierazgarriak dira oso. Kopatik kanpo geratu ostean, Athleticek ez dau partidurik galdu, lau irabazi eta bi bardinduta. Liga txapelketara begiratuta, zuri-gorriek ez dabe partidurik galdu azken zazpi jardunaldietan, Celtaren aurka azaroaren 5ean galdu ebenetik. Kontuak kontu, Zigandaren taldea bide onetik ari da eta atzean geratu dira argi gorriak biztu ziraneko sasoi latza. Sailkapenera begiratuta, Athleticek lau puntura ditu Europarako sailkatzeko postuak eta bederatzira jaistekoak. Beraz, gorantz begiratzera behartuta gagoz, besteak beste, goiko postuak beheko postuak baino hurrago dagozalako.
Kuko Zigandak erronka gatxari ekin eutsan Ernesto Valverdek oso goian ipini ebalako listoia azken lau denboraldietan emaitza bikainak lortuta. Entrenatzaile bakoitzak bere estiloa dauka eta Zigandak garrantzi handia emoten deutso ondo defenditzeari. Valverde, ostera, arrisku gehiago hartzearen aldekoa da erasoko jokoaren aldeko apostu garbia eginez. Kukok atzealdeko sendotasunean oinarritu gura dau bere taldearen jokoa eta asko kostata izan bada be Athletic hasi da sendotasun hori hartzen. Zenbakietara itzulita, zuri-gorriek gol bakarra jaso dabe azken bost jardunaldietan eta esan beharrik ez dago golik jaso ezean errezagoa dala garaipenak eta puntuak eskuratzea. Zigandak garbi esan dau Athletic ezin dala talde ahula izan atzealdean. Ba sendotasunean eta seriotasunean oinarrituta hasi da talde zuri-gorria gorantz egiten sailkapenean.
Alavesen aurka lortutako garaipena garran-tzitsua bezain erosoa izan da. Zuri-gorrien aurkariak ia ez eban jaurti be egin Herrerinen atera. Denboraldi honetan ligan gol biko aldeagaz irabazten daben bigarren lehia izan da. Lehenengoa hirugarren jardunaldian izan zan Gironaren aurka, irailaren 10ean. Partidua amaitu ostean entrenatzaileak esan eban lez, taldeko jokalari guztiek lan bikaina egin eben. Edozelan be, guztien artean bat aukeratzekotan Ander Iturraspe izango litzateke. Abadiñokoak partidu bikaina jokatu eban aurrera zein atzera begira. Kalitate handiko jokalaria da eta dakien moduan jokatzen dauenean aberastu egiten dau taldearen jokoa. Xabi Etxeita be protagonista bilakatu zan Alavesen aurkako partiduan. Zornotzakoak ez dau askorik joka-tzen Ligan baina zelairatzeko aukera daukanean ez dau hutsik egiten. Laudorioak baino ez ebazan euki Kuko Zigandak Etxeitaren-tzat. “Athleticek horrelako jokalariak behar ditu”. Ezin da argiago berba egin.
Alavesen aurka zelairatutako hamaikakoaren errendimendu bikaina ikusita, emoten eban Athleticeko entrenatzaileak ez ebala aldaketarik egin gura. Partidua amaitzeko hamar minutu geratzen ziranean egin eban lehen aldaketea Zigandak. Kontuak kontu, titulartasuna oso garesti saltzen da gaur egun Athleticen. Beñat Etxebarria erabat errekuperatuta dago baina ez dauka lekurik hasierako hamaikakoan Iturraspe eta Rico lan bikaina egiten dabilzalako. Talde batek behar dauen orekea lortu dau Zigandak eta nekez ikutuko dau ondo funzionatzen dauen egiturea. Edozelan be, Beñatek aberastu egin behar dau taldearen jokoa. Arratiarrak asko emon leikio. Bestalde, deigarria egiten jat Iñigo Cordobagaz gertatutakoa. Izan be, desagertu egin da taldetik. Susaeta eta Williams ederto dabilz eta oso gatxa da hareei lekua kentzea baina azken partiduetan zelairatu be ez dau egiten Zigandak, Ligaren lehen zatian ezker hegalari bizitasuna emon ostean.