Banderak
bANDERAK kasurik onenean zapi koloretsuak eta kasurik txarrenean trapu kolorgeak baino ez direla denok dakigu teorian, baina praktikan banderen korapiloa ez da hain erraz askatzen, pasa den larunbatean Bartzelonakoak erakutsi zigun bezala. Hedabide espainiar gehienek argi utzi dute bandera, zapi edo trapu batzuek beste batzuek baino eskubide gehiago dutela haizearen ferekan kulunkatzeko: Espainiako Erresumak orain duen banderak eskubide gehiago du, denona da, batasunaren, askatasunaren, demokraziaren eta ez dakit zer gehiagoren sinbolo gorena da, eta ahantzi egiten da, edo estali, jende askorentzat oraindik ere bandera hori bandera frankistaren oinordeko gutxi gorabehera garbitua dela (estanquera, Katalunian; piperpoto, Euskal Herrian). Bandera guztiz on horren ondoan, beste guztiak, izarra daramaten bandera katalanak bereziki, bandera txarrak dira, bandera ideologikoak, irakurri dudan bezala, edo banaketaren, inposaketaren eta erredikal batzuen banderak, bandera politikoak. Espainiako bandera ez da bandera politikoa, izardunak, aitzitik, bai. Espainiako banderak ez du politizatzen, izardunek haizea ere politizatzen omen dute. Begibistakoa da argudioaren ahulezia, baina terrorismoaren arazoan argudioen kalitateaz arduratzea fantasia da. Bartzelonako atentatuen ostean batzuek geopolitikaz eta nazioarteko aliantza politiko eta ekonomikoez hitz egin dute (Espainiako erregearen harremanez, enpresa batzuen interesez, baita euskal enpresa batzuenez ere) askoren eskandalurako, ez dela hortaz hitz egiteko une egokia (noiz izango da, orduan?). Uste dut terrorismoaz eztabaidatzeko, haren aurka borrokatzeko, ez dela ezer alde batera utzi behar eta faktore erlijioso, politiko, historiko eta gainerakoak aztertu behar direla beti, gaitzespen hutsarekin dena konponduko dela pentsatzea inozokeria galanta baita. Argazki batean ikusi nuen Bartzelonan baten batek Espainiako bandera eta izardun katalana zeramatzala erregea aipatzen zuen kartel txiki baten gainean. Iraindu dute bandera onaren ondoan txarra eramateagatik, politizatzeagatik.