Udako argazkiak
INOIZKO ilunabarrik ikusgarriena, sekula ikusitako hondartzarik ederrena, inongo herri koxkorrik pintoreskoena. Nire atzean, argazki-kamera edo mugikorra eskuetan dutela, hamaika lagun daude irudi bera, une ahaztezin hori bera, jasotzeko. Berdin dio: neure unea da, neuk ehizatukoa da pieza eder hori, adiskide eta senitartekoei erakusteko modukoa. Ilunabarraz gozatzeko astirik gabe geratuko nintzen, edo hondartzara jaisteko tokia ez nuen topatuko, baina badaramat etxera bueltan han izan naizela egiaztatzen duen froga-agiria.
Idatzi gabeko legea da: udako argazkiek xarma guztia galtzen dute zoragarri iruditu zitzaidan urrutiko paraje horretatik (zenbat eta urrutiago, orduan eta zoragarriagoa, antza) irten eta etxerako bidean jartzen naizenean.
Horregatik ez ditut udako argazkiak atsegin, baina ia denok bezala, kolekzionatu izan ditut urtez urte. Ez dakit zergatik. Zorionez, teknologiei esker orain libre naiz urtez urteko argazki-albumak sortzeaz, eta ingurukoek noizbait galdetzen badute, beti esan ahal diet hor nonbait gordeta ditudala, hodeietan zintzilik, lehertzear dagoen ekaitza iragarriz bezala.
Ideia bikaina zirudien argazki hori egiteak eguzkia ezkutatzen ari zen unean, edo mendi-bidexka negargarri horretatik etxe-saldo hura ikusi nuenean. Denborak, baina, dena jartzen du dagokion tokian eta ni neu ere jarriko nau tokatzen zaidan aldartean. Eta horrela, etxera iristean, ilunabarreko kolore horiek kitsch samar direla aitortu egin beharko dut, eta neure buruari galdetuko diot, narratsa izateaz gain, zer ote zuen herri txiki hark, gogoratzen dudan bakarra baita euliek jan egin nindutela, izterretako pikortak lekuko.
Sakelako telefonoetan makina bat aplikazio daude, argazkietako paisajea aldatzeko, argi-akatsak zuzentzeko, inguruan zegoen jendea ezabatzeko edota efektu ederrak sortzeko. Maiz, bizi izandakoaren antzik ere ez du eraldatutako argazkiak, eta horixe omen da aplikazio horien arrakastaren gakoa.