ALABEK kurtso amaieran ekarritako notak ikusi eta bi aldiz pentsatu gabe esan nien “harro nago zuetaz” aurrekoan. Eta zilegi zait, harrotasuna sentimen kontraesankorra delako: berdin aplikatzen zaio merezi izan duzun zerbaiti eta zeure baitakoak ez diren egoera edo lorpenei.
Merezimendurik gabeko harrotasunaz jantzi naiz egunotan, menturaz, Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Harrotasunaren Egunaren bezperatan mundu mailako ekitaldiak hartu dituen hiriaren inguruan izatea egokitu zaidalako. Ikusi ditut bikote gazte anitzak, pozik; eta ikusi ditut talde handi, ertain eta txikiak, guztiak ere pozik, elkarri irribarre eginez zihoazela kaleetan zehar, edo terraza baten eserita zeudela, elkar ukituz eta musukatuz kasu batzuetan, eta elkarrekin han egote hutsarekin gozatuz guztiak, esango nuke.
Aldarrikapen egunak dira, egunotan atari zabalean erakutsi dutena urtean zehar ezkutuan egitera derrigortuta daudelako. Aldarrikapen eguna da munduko toki askotan elkar maita-tzea debekatuta dagoelako gizon-emakume eredu sinple eta sinplifikatzeari lotzen ez zaion guztietan. Egindako bide malkartsuan aurrera egin izana ospatzeko eguna dela nabarmen da poza dariolako Harrotasunari, baina ez dute ahazten, ez dugu ahazten, erro sakonak dituen barne-borroka baten isla ere badirela keinu horiek guztiak. Unerik latzenen mina arintzeko ukendu posible bakarra poztasuna izaten da askotan. Harrotasuna kontraesankorra da. Nik ez dut sekula nire bikotearekin kaletik joateagatik beldurrik sentitu; ez du sekula mesprezurik jaso jendaurrean elkarri muxu bat emanda. Ez dut sekula nire sexu-azturei buruzko galdera maltzur eta gustu txarrekorik erantzun behar izan, ni eredu sinplifikatuetan erraz sartzen naizelako, ñabardurak ñabardura. Berez, niri ez dagokit harrotasun hori. Baina niretzat ere bada aldarrikapen eguna, zertan lesbiana, trans edo bisexual izan beharrik ez baitago aniztasunaren aldarriarekin bat egiteko.
Beren pozak geurea beharko luke, mundua zabalago, koloretsuago, biziago eta bizigarriago egiten dutelako denontzat.