AGUR, Euzkadi, Jaunak narama / aberri eder argira! / Neure negarrak jario nituen / zure mendiei begira. Seme bat zeukan baina etsaiek / kendu zioten bihotza, / gorputz ederra isuri zitzaion / maiatz bateko goiz hotza. (?) Eder zitzaizkidan eusko bazterrak, / eder itsaso zabala;/ baina orain ederrago zait / heriotza honen itzala!”.

Hil behar zuten egunaren aurreko pentsakizunak bildu zituen Lauaxeta poetak goian jarri ditugun azken lerro horietan. Esteban Urkiaga idazlea (artean 32 urte bete gabe) frankistek fusilatu zuten preso hartu eta hilabetera, duela 80 urte, eta data hori probestuz, hainbat tokitan bere fusilamendua eta beste askorenak ere gogorarazi nahi izan dituzte, isilpeko oroimena agerian izan dadin, behinolako minak eta zauriak eztitu dakizkigun.

Lauaxeta garai hartako euskal literaturaren pizkundearen protagonista izan zen. Beste batzuentzat, ostera, Espainiaren kontrako iraultzaileen laguna eta kolaboratzailea izan zen poeta gaztea. Berak bezala, beste askok bizitza galdu zuten zeruari begira tiroek sarraskituta.

Bilboko Udalak hiriaren erortzearen 80. urteurrenaren harira, omenezko eta aitorpenezko ekitaldia egin zuen duela aste pare bat, frankismo garaian, depurazio-prozesu beldurgarrian, fusilatu eta errepresaliatutako langileak omentzeko, izan ere, ehunka maistra, mediku, suhiltzaile, udaltzaingo eta abarrek pairatu behar izan zuten faxisten gorrotoa.

Bilboko Udaleko langileriaren hiru heren garaileen errepresioa jasan zuten, eta askok lanpostua galdu zuten betiko. Baina horietarik batzuk exekutatu ere egin zituzten, Derion, gerra epaiketaren ostean. Omenaldiaren egunean izenak ozenki esan zituzten: Felix Tomás Otamendi, Luis Aranguren Maguregui, Tomas Basterra Nanclares, Claudio Tudea Nogueras, Jose Luis Arenillas Ojinaga, German Paniagua Barayon, Fidel Irure Aguirre, Remigio Zorrilla Alonso, Emilio Alvarez Montero, Juan Antonio Iza Usabel, Evencio Alonso Gonzalez, Teodoro Celis Ramos eta Honorato Ortiz Saenz.

Aurrekoei beste bat gehitu behar zaie: Tomas Abaitua Ugalde. Nire aitona.