Zauriak berriz ireki behar ez direla esanez, badira orrialdea ahalik lasterren igaro eta atzera ez begiratzeko iradokizuna egiten dutenak. Horietako asko gezurrari gainjarritako, hilotzek zimendaturiko altxamenduak -beldurra eta errepresioa baliatuz irautea lortu zuena- ezarririko isiltasun eta inpunitatearen altzoan bizitakoen oinordekoak dira... eta diktadurak eginikoari lurra eman zion trantsizioak, nazioartean eredugarritzat saldutakoak, iraganean eginikoei izkina eta erantzuleei inolako erantzukizunik eskatu ez zionak.
Ordu txikietan atxilo hartu zituztenak, horietako askoren gorpuak bide bazterretan, duintasun oro ezabaturik jaurtitakoak; birrindu arte bortizki torturatu zituztenak; altxamenduaren alde ez egoteagatik... edo, besterik ez bada, horretan parte hartzen zuen norbaitek begitan hartua zituztelako akabatu, ondasun guztiak bahitu eta pobrezian laga zituztenak; kar-tzelan sartu, esklabo bihurtu, deserriratu eta erbestera kondenatu; hurbiltzen ari zen II. Mundu Gerran erabiliko ziren armak eta estrategien biktima bilakaraziko herritarrak... Durango, Otxandio, Gernika, Elgoibar, Sartaguda, Urbasa... hilerrietako horma isilek hitz eginen balute. Guztiak ditugu oroimenean, buru-bihotzetan!
Bestelakorik esaten bada ere, ez daude guztiak maila berean. Herritarrek demokratikoki erabakitakoaren kontra altxatu eta indarra baliatuz agintea har-tzeari ekin zioten batzuek, auzo lotsa sorrarazten duen gurutzadaren eredua berreskuratuz... eta irabazleek mendekua hartu zuten, desberdin pentsatzen zituztenak, galtzailetzat hartutakoak masakratuz.
Ez dago egiazko memoriarik eraikitzerik zorrak kitatu gabe, gertaera horren erantzuleen izenak kale-izendegietatik eta irabazleek eraikinetan ezarririko ikurrak ezabatu gabe; bide bazterretan, muino eta leizeetan berreskuratu gabeko gorpuzkiei duintasuna bueltatu gabe; bidegabe emaniko epaiak ezerezean utzi gabe... bai eta barkamena publikoki eskatu gabe ere!
Gernika bonbardatzean izan zuen parte hartzea dela eta, Alemaniak eskatu zuen barkamena... herrialde horretako eta Frantziaren ordezkariak beste horrenbeste egin zuten Lluis Companys Kataluniako Generalitateko presidentea atxilotzean eta frankisten eskuetan uztean izan zuten parte hartzea dela eta... Espainiak ez du barkamenik eskatu, ez eta Elizak ere, bere izenean izugarrikeriak egin zituzten arren... ordea, gogoan izan dituzte bidegabe hil zituzten zenbait apaiz eta moja. Zenbait apaiz eta moja hil zituzten frankistek Elizaren aldetik inolako aitormenik izan ez dutenak?
Gaurko agintariek ez dute duela laurogei urte pasatxo gertatutako horretan inolako eran-tzukizunik... baina Estatu baten izenean egin zirenez eta Estatu horren oinordekoak direnez, barkamena eskatzea badagokie... eta hori ahalik lasterren egin beharko lukete, dagoeneko denbora gehiegi igaro baita!
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">