DUINAK, zinez duinak eta ondo aukeratuak Aste Nagusiak izan dituen pregoilariak. Zerrenda luzeari begira, puntako kirolariak, musikariak, sukaldari eta abar. Sailkapena egiteko tentazioan erori naiz. Zortzi kirolari bilatuz, Athletic taldeko Lizarazu, Noriega, Iribar edo Iraia aurkituz, Verona saskibaloilaria, Virgina Berasategi, Joanjo San Sebastian eta Marino Lejarreta. Guztira bederatzi, beraz. Musikariak ere ba dira, Natxo de Felipe, Boni Fernandez edo Kepa Junkera, tartean; euskara edota literaturari lotuak Jon Lopategi bertsolaria eta Kirmen Uribe, idazlea. Elizegi sukaldaria eta beste batzuk osatzen dute zerrenda. Zerrenda duina, zinez, arestian esan bezala.

Antzerkiak era hartu du lekurik azken urteotan, batez ere, Loli Astorekak ilara ireki, Marivi Bilbao, gero, Gurutze Beitia iazkoan eta, aurten, Euskal Herriak izan duen eta duen dramaturgorik handiena. Ez delako aktore, idazle, zuzendari, produktore... bai antzerkian, bai zineman, izan aurtengo Patxo Telleriaren biografia osatzen duenik. Bide luze eta oparoa darama Patxok eszenan, dramaturgian eta nik hurbiletik gozatu dudan zerbait aipatuko dut. Alegia, urteetako ‘pareja de antzerki’ duen Mikel Martinez-ekin, Ez Dok Hiru-n egina. Ezin dudalako neurtu Manifestuan, Larru Haizetara, Euskaranzetamol, Lingua Nabarrorum’ eta ‘Desentxufatuak ikusi ditudanean egindako barreak. Ez diet Patxo eta Mikel; Mikel eta Patxorik barkatuko horiekin eragina. Bai, Mikel ere bai. Ez da harritzekoa beste bilbotar peto honek “Ez nago jeloskor” gezur txikia esatea Patxoren izendatzea jakin ondoren.

Zineman ere inor da Telleria jauna. Halako baten, helduko irailean Igelak estreinatuko duen moduan, estimatu diot gurekin izan zuen abegia Kaio luma zikina Arestiren inguruan egin zuen dokumentalean. Sentipenak eta oroimenak latzak izaten dira eta, larunbatean Arriaga eskaileretan ikusi nuenean, ezin ahantzi Patxo hantxe ikusi nuen azken aldia. La makina para pintar nubes filma hunkigarria -eta beste lan asko- berarekin batera egin zuen, Aitor Mazo handiaren agurrean. Bejondeizula, Patxo!