Síguenos en redes sociales:

Agertoki berriaren zantzuak

Agertoki berriaren zantzuak

OSATU dira jada Espainiako Gorteak, eta, PP eta Ciudadanos alderdien arteko lehenbiziko akordioen emaitzak ikusi ahal izan ditugu. Batetik, Parlamentuaren jarduna kontrolatu eta bideratu behar duen mahaia eraturik geratu da, erakundeak berak barruratzen duen aniztasunari eta alderdi bakoitzaren proportzionaltasunari erreparatzen ez diona. Bestetik, ezkerreko alderdiek elkar ulertzeko duten ezintasuna ere agerian geratu da. Izan ere, joan den abenduko hauteskundeen ostean aldaketarako gobernua eratzeko izan dituzten aukera guztiak alperrik galdu dituzte, herritar ugarik erakutsiriko konfiantza zapuztuz... PP alderdiaren gobernu-aldi berri baten atarian gaude, antza denez.

Espainiako bi alderdi nagusiak abertzaleekin adostasunetara iritsiz gero, Albert Riveraren alderdiak egin duen mehatxua ez da albiste ona inorentzat. Kataluniako eta Euskadiko errealitateei bizkarra erakusten segitzeko dagoen jarrera irmoa erakusten eta Espainiako politikagintza gatibu hartzen duelako. Gauzak horrela, zilegiak diren aldarrikapenak elkarrizketaren eta adostasunaren bidez bideratzen ez badira, arazoak usteldu eta ezintasunak indartuko dira... ematen du eskakizunei ate danbatekoekin erantzuten eta bere horretan gera daitezen bilatzen dela, ez besterik.

Honenbestez, datorren aldi berrian bi habe antzeman daitezke. Bata, Espainiaren batasuna eta nagusitasuna indartzera datozen ekimenak ardatz izango duena, eta bestea, gizarte gaietan-eta hezurmamitu daitekeena. Lehenbizikoan, bereziki PP, Ciudadanos eta PSOE alderdiak egongo dira, bigarrenean, bestelako aliantzetarako aukerak egongo dira. Ondorioz, jatorri desberdina duten alderdien arteko akordioak ikusiko ditugu, betiere gaien arabera gauzatuko direnak.

Testuinguru berrian abertzaletasun demokratikoak gizarteratu beharreko mezuetan, bai eta udazkeneko hauteskundeetara aurkezten duen egitasmo eta lehentasunetan asmatu beharko du. Herritarrek egunero izaten dituzten zailtasunak gainditzea, nahiak bideratzea eta esperantzei erantzutea... norbanako bakoitzaren bizi-proiektuak bideratzen laguntzea izanik goreneko lehentasuna. Herritarrek estatuarekikoak epe luzeagoko estrategia baten inguruabarrean ikusten baitituzte... eta gure zein bestelako errealitateak onartu, Espainiako imajinarioa aldatu, horretarako pedagogia soziala areagotu bitartean bizi behar baita. Gardentasuna, irekitasuna, hurbiltasuna, berrikuntza, enpatia eta abar izan beharko dute udazkeneko hauteskundeetako eltzearen osagaiak... irabaziko badira!