Síguenos en redes sociales:

Aniztasunean bat eginik?

Aniztasunean bat eginik?

Ezusteko kolpe latza hartu du Europar Batasunak, Erresuma Batuak, herri galdeketaren bidez, alde egiteko erabakia hartu duenean. Lehen ministroak Batasunetik lortutako abantailak geratzeko nahikoak izan zitezkeela iritzi zion baina dena alferrik izan da. Azkenean, sasi-egiek, gezurrek, desberdinekiko beldurrak, bai eta Erresuma Batuak ustez egiten duen ekarpenaren eta jasotzen duenaren arteko desorekak ere biztanleriaren zati esanguratsu bat Europar Batasunetik alde egitera bultzatu dute... eta, gauzak aldatu ezean, ez da alde egingo duen azken lurraldea izango. Europako Estatuak bat eginda iritsi daitezkeenari baino bereizita egin dezaketen bideari begira baitaude.

Lerroburuan adierazitakoa da Europar Batasunaren goiburua... baina aniztasun hori estatuetara mugatu da hasiera-hasieratik. Estatuek barruratzen duten aniztasun hori nahierara, askatasun erabatekoarekin kudeatzeko eskubidea aldarrikatu dute eta. Bat egite hori, beraz, erdizka gauzatu da... eta zailtasunak indartu direnean, krisi ekonomikoak bazterrak astindu dituenean, migratzaileen etorrerak Europak ezarririko hesiak bota dituenean, hots, Europar Batasuna inoiz baino beharrezkoagoa zenean, kontrako norabidean urratsa egin da, Europa are gehiago zartatuz.

Hogeita zazpiek eta Batasuneko gain-egiturek ere badute zer pentsatua, II. Mundu Gerraz geroztik egin den bidean segitu nahi badute. Erabakiak nola hartzen dituzten, garapena nola indarberritu daitekeen, batzuen interesen gainetik zein azpitik atzerri politika bateratua nola hezurmamitu daitekeen, garapen orekatua eta jasangarria, herritarren parte hartzea eta abar daude hausnartu beharrekoen artean. Europar egiturak birpentsatu, birdefinitu behar dira, XXI. mendera ekarri... iraungo badute.

Europar Batasunaren pipia funtzionamendu gotorraz, eragingarria ez den eta herritarren beharretatik oso aparte dagoen egituraz gainera... Estatuetan indartzen ari den nazionalismoa da. Ez da oraingo kontua. Europako gainegiturek eskumen gehiago izan ahala, orduan, Estatu bakoitzak are ahalegin handiagoa egin baitu eskura zituenetan bere ezaugarri propioak azpimarratzeko. Azken honek, bidenabar, barruan duten aniztasuna ezabatzeko ahalegina indartu du. Batzuen aburuz Europa gauza batzuetarako aukera bada ere, bestelakoetarako, norberaren ezaugarriei eusteko mehatxua ere bada.

Historian zehar desberdintasunek, desberdin direnekiko beldurrek are hobeto esan, mehatxu gisa hartu izan dira zeuden egiturak, bai politikoak, kulturalak nola gizarte mailakoak iraunarazteko. Txiki, geroz eta txikiago bihurtu zaigun mundu honek, ordea, desberdinen artean elkarbizitzera behartzen gaitu, geroz eta gehiago, ikusmira irekitzera behartuz, bestelako kultura, hizkuntza eta giza-taldeetara gure etxeetako leiho eta ateak irekitzera bultzatuz.