Euskarentzat aukera berri bat
AZKENEAN iritsi da ezinezkoa zirudiena, hainbat urtetan bilatu eta lortu gabekoa. Euskal Autonomia Erkidegoak izango du Udal Legea propioa, Eusko Legebiltzarrean adostasun zabalarekin onarturikoa, EAEko hezurdura juridikoa osatzera, eskumenak zehaztera eta eremu batzuetan egon den ziurgabetasuna gainditzera datorrena. Zorionak, beraz, horretan ibili diren guztiei, desadostasunen gainetik zein azpitik akordioa txirikordatu dutenei.
Badira eskumenez haratago diru-baliabideetan arreta jarri dutenak. Nolanahi ere, horrek ez gaitu lortutakoa gutxiestera eraman behar. Aitzitik, gure hizkuntza eta kulturari bultzada berri bat emateko baliatu beharko genuke, nire ustez. Euskarari dagozkionetan, udalen jardun-eremua zehaztu du araudi berriak. Horrela, lege berriak tokiko korporazioei izendatuta dauzkaten arloetako zerbitzu eta jardueretan euskararen erabilera sustatzeko eta normalizazioa planifikatzeko eskumena onartzen die, eta, horiek garabidean jarri ahal izateko, beharrezkoak diren planak onesteko eta garatzeko heldulekuak ere eskaintzen dizkie. Era berean, udalei eskumen propio gisa aitortzen zaie beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko eskumena; kontratuetan hizkuntza irizpideak finkatzeko aukera; euskaraz eginiko dokumentuen balioa; hirigintza planek gure hizkuntzan duten eragina aztertu ahal izatea, neurri zuzentzaileak har daitezen lagunduz; beren lurralde-eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea -betiere dagokion hizkuntzaren arau akademikoa errespetatuz-, bai eta ordenantzetan, erregelamenduetan eta jarduera-planetan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izatea ere.
EAEko Udal Legea aurrera ateratzearekin batera, garrantzi handiko beste adostasun bat hezurmamitu da. Eudel erakundean udaletan ordezkaritza duten alderdi guztiak batzea ekarri duena, hain zuzen. Bi-biek zoru ezin egokiagoa eraiki dute udaletan euskara sustatzeko eta normalizatzeko egiten diren ahaleginak partekatzeko, koordinatzeko eta indarberritzeko, besteak beste, udaletako esperientziak elkarri trukatuz, Eudel erakundeak eremu honetan egiten duen ekarpena biderkatuz eta UEMArekin lankidetzarako bide berriak urratuz.
Bada sasoia iraganean geldirik geratu ordez, setakeria eta alderdikeria gainditzeko, zatiketa eta elkarri bizkarra emanda igarotako urteak behingoz gainditzeko, euskararen biziberritzeari indar berriz ekinez.
Espainiak Euskadin duen ordezkariak ahalegin guztiak egin ditu udaletan euskara normalizatzeko egiten ziren eta diren ahaleginak zezakeen guztietan galgatzeko. Orain gure esku dago, hein handi batean, aisialdian, zerbitzuen kontratazioaren eremuan -lan-munduan euskararen normalizazioari bultzada erabakigarria emanez-, toponimo eta leku geografikoetan, euskara biziberri-tzeko xedea duten plangintzetan zein bestelakoetan gure hizkuntzari lehentasunezko trataera emateko... bai, inoiz izan badugu... jada ez daukagu aitzakiarik!