Konplexurik gabe
ESKUIN muturraren ordezkari batek gutxigatik ez du Austriako presidente kargua eskuratzerik izan... baina ez dute galdu, azken hamarkadetako bilakaera kontuan hartuz ultrak oso indartsu, erabakiak baldintzatzeko eran azaltzen dira eta. Arrakasta lortzeko errefuxiatuak, Europan sartu ezinean dauden familiak, horiei bideratzen zaizkien laguntzak, jada lanik topatu ezinean dauden europarren egoera zailduko delako iragarpena, segurtasuna eta abar izan dira heldulekuak... eta hainbatek printzipioak alboratu, iragana ahaztu eta salbatzaile berriak besarkatu ditu. Austriakoa ez da kasu bakarra, Europa osoan ari da gertatzen eta indar-tzen... eta garaiz aurre egiten ez badiogu azkenean botere politikoa erdietsiko dute. Iraganean bezala, desberdinekiko -ez guztiekiko, jatorri eta azal jakin bat dutenekiko baizik- mezu hilgarri horien atzealdean gutxiengoak alboratzeko jarrera eta egitasmo politiko totalitario bat ezartzeko asmoa dago, ez besterik. Jendearen beldurrak, ezintasunak, aurrera eraman ezin dituen bizi-egitasmoak astintzen ditu, bizikidetza zarta-tzen ari den mugimendu horren bizigarri eta indargarri gertatuz. Horren aurrean, Europa ez da ezer eragingarri egiten ari, nire ustez.
Errefuxiatuen oldea ez du sorrarazi giza eskubideak aintzat hartzen ez dituen erregimen anker jakin batek bakar-bakarrik, ez eta erregimen hori beste batengatik ordezkatu nahian ari direnek ere. Eremu horretan interes geopolitikoak dituzten potentziek ere, zenbait Europako herrialdeak badirenek, badute erantzukizuna. Boteretsuenek mundua eragin-eremuetan berriz zatitu eta mendean hartu nahi dute, nahierara agintariak izendatuz eta komeni zaizkien egitura politikoak ezarriz. Tokian-tokiko herritarren nahiak aintzakotzat ez hartzeak eta bestelakoengatik lehenesteak munduko gatazka kopurua areagotzen ari da, muturreko mugimenduak nonahi eta nolanahi indartuz.
Ekonomiaren globalizazioak, eskulana merkeagoa, lan-baldintza eta segurtasun are eskasagoak dituzten herrialdeetara produkzioa eramatea ahalbidetu eta kapitalak leku batetik bestera igarotzea erraztu du. Egia da fenomeno honek herrialde batzuetan garapena lagundu duena, nahiz eta lurralde horietako gizarteetan desorekak ere areagotu dituen... eta, aldi berean, egia da beste lurralde batzuetako egoera zaildu duena, herritar ugari langabeziara eta prekarietatera eramanez... egoera zailean dauden hauek, gero eta bazterrerago sentitzen direnak, sasoi batean ezkerreko mugimenduen oinarri zirenak bilakatu dira eskuin muturreko mugimenduen habi eta zimentarri.
Ez da erraza mugimendu honi aurre egitea, besteak beste, erabakiak gero eta urrunago, herritarrengandik aldenduago eta inork aukeratzen ez dituen, baina erabakietan geroz eta eragin zabalagoa duten korporazio handien eta interes-taldeen arabera hartzen ari direlako Europan.