Kanpainetako gastuak eta aukera-berdintasuna
AZKEN orduan ez da miraririk gertatu, ezinezkoa baitzen hasieratik. Iazko udaberrian interes-talde jakinekin loturiko hedabide batzuen bultzada tarteko, azken hamarkadetako mapa politikoa eta indar-korrelazioa aldarazi nahi ziren... hauteskundeetako emaitzek, ordea, ez zuten eman batzuek bilatzen zutena. Orain arte agintea partekatu duten alderdiak ahuldu zituen baina ez aldaketa bat gertatzeko bezainbat.
Harrezkero hegemonia, aitzindaritza nork hartu bilakatu da gako nagusia; PP alderdikoak esperoan, baitzekiten PSOEk ez duela iraganarekin hain bizkor hautsiko eta ez dela Podemos bezalako alderdi baten posizioetara erraz, barne-tirabirak areagotu gabe irristatuko... ezer egin gabe, egonean gelditzea zen kontua. Hauteskunde deialdi berririk egotekotan abstentzioa indartu eta emaitza are hobeak eskuratuko dituelakoan; Podemos alderdiak ezintasun nabariak erakutsi ditu, besteei leporaturiko aulkien distiratik aldendu, epe luzera begira jarri eta herritar askok bere esku jarririko esperan-tzari eragingarritasunez erantzuteko. Harriduraz irakur daitezke egin dituzten adierazpenak, bai eta herritarren ordezkariekin hitz egiteko -ezin baitzaio negoziazioa deitu- izan dituzten moduak ere... eta orain irteera puntura goaz, inork erantzukizunik hartzen ez duela, egoera ekonomiko zailean eta milioika pertsona langabezian dituen herrialde bat ia geldirik dagoen bitartean.
Nago ekainaren hogeita seiko hauteskundeek kontuak ez dituztela garbituko. Beharbada hegemoniaren borroka horrek aulki batzuk toki batetik bestera mugiaraziko ditu, baina blokeen artean ez da gehiengo argirik eratzeko modurik izango. Beharbada, Podemos eta IU alderdien arteko adostasuna PSOE alderdiaren gainetik geratuko da, baina indar hori egitasmo zehatz batean gauzatzeko eta aurrera eramateko gaitasuna izango duen ez dut uste... beldur naiz koalizio handiaren txorimaloak indarra hartuko ez ote duen, batzuen iritziz, besterik ezean... den-dena agintean dagoenaren indargarri.
Eta alderdi nagusiek bestelako helburuei, ez herritarren behar gorriei begira egon direnez... orain itxurak egitea tokatzen da... Hauteskundeetako gastuak behar dira murriztu, nahiz eta etxerako lanak ondo egin bazituzten, denbora eta dirua, dena aurreztea egon den... gastuak murriztu behar dira, bereziki alderdi txikiek -estatuaren talaiatik begiratuta-, lehen baino presentzia are urriagoa izan dezaten, alderdi nagusiek hedabideetan hartzen duten gehiegizko presentziarekin ez baitute propaganda are gehiago behar.
Ematen du halako adierazpenen atzealdean aniztasuna ezabatzea bilatzen dela, besteak beste leian dauden lau alderdien botere-gosea asebetetzeko, egiazko aniztasuna deserosoa delako eta nagusiak are nagusiago izan daitezen laguntzen ez duelako... gastuak murriztu behar dira bai... baina aukera berdintasuna eta guztiek proposatzen dituztenak zabaltzeko egiazko aukerak bermatzen badira.