Aukera berria: herri-elkargoa
URTE honetan, Ipar Euskal Herriak bere osotasuna barruratuko duen Herri-Elkargo berria izan dezake, baldin gutxienez biztanleriaren erdia ordezkatzen duten udalerrien erdiek hautu horren aldeko erabakia hartzen badute. Horiek horrela, lehenengo aldia izango da ia 300.000 herritar dituen Ipar Euskal Herriak erakunde bateratu bat izanen duena. Erakunde berriak eskumenak izango ditu fiskalitatearen, lurralde antolamenduaren, garraioen, kulturaren, euskararen eta garapen ekonomikoaren eremuetan, beraz, Herri-Elkargoa sortzera iritsiz gero, urrats garrantzitsua izango da... aukera eta lankidetza bide berriei ateak ireki baitiezazkieke.
Ipar Euskal Herriko gizartearen zati esanguratsu batek, bai eta ordezkaritza zabal batek ere, hainbatetan Departamendu baten aldeko aldarria egin dute. Aldarrikapen hori gauzatuko zela zirudien Mitterrand Fran-tziako Errepublikako presidenteak eskakizun hori gauzatuko zuela hitza eman zuenean... ondoren, ordea, emandako hitza jan eta eskakizuna gauzatu ezinean geratu zen. Frantziako Lurralde egituratze berrian ere Ipar Euskal Herria lehen baino are okerrago geratu da, eskualde desberdinak, interes, errealitate eta bilakaera desberdina dituztenak elkartu eta eskualde handiagoetan bildu dituzte eta, bakoitzaren izaera are gehiago urtuz.
Ipar Euskal Herriak aldaketa esangura-tsuak bizi izan ditu azken hogeita hamar urteotan. Batetik, biztanleriak gora egin du -bereziki kostaldean- baina ez modu orekatuan lurralde osoan, Behe Nafarroan hustuketa gelditu eta Zuberoak biztanleria galtzen segitzen baitu. Bestetik, biztanleriaren igoera adinez oso nagusi direnen aldetik etorri da, %65 80 urtetik gorakoak baitira. Biztanleriaren igoeraren zati bat Akitaniatik eta beste zati bat Hego Euskal Herritik -batez ere Gipuzkoatik, etxegintza sektorearen eraginez- etorri da, euskararen egoeraren larritasuna areagotuz. Amaitzeko, egitura ekonomikoan ere aldaketa esanguratsuak gertatu dira -zenbait etorri berrien ezaugarriekin lotura zuzena dute-. Izan ere, merkataritza eta zerbitzuek egin dute gora eta bereziki, nagusien artatzaileak, gizarte langileak, erizainak, sukaldariak, zerbitzariak eta abar dira gehien eskatzen diren enplegu-motak. Horietako zenbait prestakuntza maila eskasean, prekarietatean eta lan baldintza are okerragoetan mugitzen dira. Horra, beraz, laburbilduz panorama, egitura berri horrek abiapuntutzat hartu eta eraldatzen saiatu beharko duena.
Egin beharreko bidea zaila izango denez gero, Herri-Elkargoak barruratuko duen aniztasuna tentuz kudeatzea eskatuko du. Era berean, aldian-aldian gertatzen den indar korrelazioa erabakietan eta abian jar daitezkeen jardueretan erabakigarria izango denez, datozen hileetan korronte politiko nagusiek, gorantz doazen abertzaleak barne, helduarora iritsi ote diren erakutsi beharko dute.