Síguenos en redes sociales:

Erlojuaren tiki-taka

EZ dirudi gaiak aterabide errazik duenik, ez eta hori gertatzeko oinarriak jartzeko interesik dagoenik ere. Izan ere, Espainiako Kongresuaren ezetza jaso ondoren, sozialisten buruzagiak Ciudadanosekin egin duen hitzarmenari eusteko eta gainerako alderdiekin egin beharreko elkarrizketetara elkarrekin joateko erabakiak hartu baititu. Badirudi, hauteskundeak egin behar balira, PP eta Podemos alderdiei ego-tzi nahi zaiela erantzukizuna, horrek boto-galera ekarriko dielakoan... baina sozialistek badute Espainiako Kongresuaren konfiantza eskuratzeko eta, ondorioz, gobernatzeko aukerarik baldin ezkerreko eta abertzaleak diren alderdiekin adostasunetara iristeko gogorik balute.

Horrek iraganera lotzen dituen loturak etetea eta bide berri bati ekitea eskatzen dio, besteak beste, herrialdearen batasuna edozein eratara manten-tzen, aniztasunarekiko begirunea ezerezean lagatzen, Kataluniari eta Euskadiri status berezia aitortzea ezinezko egiten duen aingura astunetik askatuz. Finean, iraganetik datozen eta zaharkituta dauden habeak berritzea eta Espainia XXI. mendera eramatea da kontua, berandu izan baino lehen.

Estrategia berri horri ekiteko borondaterik balego sozialistek bidelagunak izango lituzkete... ez zenbaitetan esaten denaren kontra -norbaiti beldurra sartzeko edo- Espainia hausteko helburuaz, herritarrek haien geroa erabakitzearen bidez, zoru demokratikoa sendotzeko baizik. Espainian gobernagarritasuna eskuratu nahi duten ia denek -momentuz Podemos da salbuespen bakarra- gero eta pisu txikiagoa dute Katalunian eta Euskadi bezalako erkidegoetan. Hori ez da kasualitatea... eta ez da konpontzen alderdi abertzaleek ordezkaritza eta eragin ahalik txikiena izan dezaten oztopoak jarriz -adibidez, Hauteskunde Legea aldatuz-, isilaraziz edo bizkarra erakutsiz. Errealitate horri zuztarretik helduz baizik.

Ekonomia ehuna zaharberri-tzea; hezkuntzari buruzko itun sendoa, askotarikoek izenpetua, eskumenak aintzakotzat hartzen dituena eta denbora nahikoa luzean garabidean jartzeko modukoa dena; progresiboa den presio fiskala, eskumenak errespetatu, Europako bestelako herrialdeetara hurreratu eta zerbitzu publikoak mantentzeko adinakoa; Administrazioa eguneratzeko, arintzeko eta hurreratzeko plangintza; gardentasuna eta ustelkeriari horma gaindiezina jartzeko borondatea eta abar, gutxienez horiek denak datorren asterako utzi gabe, gaurtik bertatik jar daitezke abian, gogorik izanez gero.

Baina Espainiaren gobernagarritasunean esku hartu nahi duten guztiek epe laburrera pentsatzeko, haien zilborrera begira jarduteko, sakoneko aldaketak abiarazi baino txapa eta pintura -ez besterik- egokitzeko, duten nahia gainditzea ezinbestekoa da. Erabaki estrategikoak hartu behar dituzte, ez taktikoak, baldin pipiek estatuaren beraren habeak jaten segi dezaten nahi ez badute... eta eginbehar hori ekidin ezina da, hauteskundeak aurreratuta ere.