Izenak izana dakar
HERRITARREK haien izenaren esanahiari edo jatorriari buruzko interesa, bai eta abizenena ere sarritan erakusten dute. Halaber, izenak dira aldiko erakunde boteretsuenek arautzen saiatzen diren eremuetako bat, horren bidez pentsaera eta balioak gizartean bidea egin ditzaten bilatuz... Nazio bat eraikitzeko makuluak ezartzean, kultura eta herri bakoitzaren nortasuna azpimarratzeko asmoz, Sabino Aranak, XIX. mendearen amaieran, euskal izendegiaren lehen habea ezarri zuen, Espainiako erakundeek, bereziki diktadurek, hamarkadetan jazarri eta debekatu zutena.
Frankismoak pertsona askoren izenak aldarazi edo ezabatu zituen, horren ordez gaztelaniazkoa -zegoenean- jarriz, abizenak-eta erdal grafiara egokituz, indartu nahi zen tradizio kristau-katolikotik izenak atereaz eta abar. Gerora, ez zailtasunik gabe, euskal izenek -batzuk asmatuak; beste batzuen kasuan, hitz arrunt batzuk izen bilakatuak eta beste batzuk tradizioa atzealdean dutenak- bidea egin dute. Edozein gisaz, estatuak indarrean jarririko araubideak, gaztelania ardatz hartzen duena eta bestelako hizkuntzen ezaugarriei -esate baterako euskararen ezaugarriei- kasurik egiten ez diena, emakumeen eta gizonen artean bereizketa are gehiago markatzera behartu gaitu... eta horrek bestelako errealitatea sorrarazi du, hizkuntzaren, sexuaren eta generoaren ikuspegitik.
Gauzak horrela, izen bihurtu ditugun hitz arrunt batzuk, esate baterako, eki, eguzki, enara, lili, ekaitz, amets, harri, harkaitz eta abar emakumezkoak ala gizonezkoak izendatzeko baliatzen ditugu -bidenabar ez dagokien marka bat ezarriz-... eta horrekin genero ikuspegi jakin bat ere barreiatzen ari gara, sexuagatik, pertsona batzuk ahulagoak ala finagoak (Lili eta abar) eta beste batzuk, aldiz, zabarragoak eta akaso sendoagoak (Haritz, Ekaitz eta abar) direla iradokitzera eramaten gaituena. Generoaren ikuspegitik, hitzen etimologia kontuan hartu gabe, hainbatetan hi-tzak-eta bazterrean lagatzera edo kontzeptuak desitxuratzera bultzatzen den honetan -halakoetan aldrebeskeriak ere gera-tzen ari dira-, mereziko luke izenen kontuari ematen dioguna baino garrantzi are handiagoa ematea.
Eta izen kontuez ari garenez, gure artean toki-izenak ere berreskuratzeko, normalizatzeko eta gizarteratzeko are ahalegin handiagoa egin beharko genuke, uste eta erabaki okerrak bideratzen saiatuz, euskaratik abiatuz, gure hizkuntzari ikusgarritasuna eta bultzada emanez...
Hori egingo bagenu, ohartuko ginateke Bilbao ez dela Bilboren erdal ordaina, euskara zaharretik datorren izena baizik; gure lurralde, ibai, herri, auzo, baserri, muino, mendikate eta mendilerro askok jatorrian euskal izenak dituztela, menderatu nahi gaituztenek desitxuratu edota aldarazi dituztenak... irizpideak bateratzen saiatuz, hori guztiori hartu beharko genuke kontuan gure paisaiak, herriak, kaleak, auzoak eta etxeak, hots, toki-izenak izendatzeko, gure iragana berreskuratzeko eta gaurkotzeko orduan. Arinkeriarik gabe, boluntarismoak gaindituz, askotariko elkarte eta erakundeak lankidetzan jardunez.