Síguenos en redes sociales:

CUP

CUPEKOEK Mas jaunari ezetz esatea erabaki zutenean, txaloak antzoki espainiarraren leku ia guztietatik iritsi ziren eta koherentzia goraipatu zuten ikusle askok. Irainak ere ez ziren falta independentziazale katalenen eserlekuetatik (emakumezkoen aurka, batez ere) eta erabakiak hartzeko bidea, asanbladarena, kritikatu zuten askok. Mugimenduaren barne zatiketaz hitz egin zen eta askok lohi poztu ziren. Baina, orohar, CUP eredugarria zirudien. Ordu batzuk pasa ziren eta CUPek Junts pel Sí koalizioak aurkeztutako beste hautagai bati, Puigdemont jaunari, baietza ematea erabaki zuen. Txaloak bat-batean gutxiagotu ziren eta koherentziaren goraipena bertan behera gelditu, nahiz eta CUPek askotan esan eta agindu Artur Mas ez beste hautagai bat babestuko zuela. Traidore bezalako irainak desagertu ziren eta horien ordez ezker baten esentzien zaindariek jantziak urratu zituzten. CUPek eredugarria izateari utzi zion.

Euskal eserleku askotatik ere CUPekoen hasierako erabakia gai-tzetsi zen eta iritzi-emaile franko zutik jarri zen ikasbideak azaltzeko prest hatz erakuslea tente. Ez dakit nor garen gu (euskaldunak, euskal hiritarrak, ezker abertzale gutxi gorabeherakoak, jeltzaleak, postindependentistak) katalanei ikasbideak ematen ibiltzeko hemen daukagun saltsarekin (saltsa txepel eta geza, gastronomian txapeldunak izan arren), baina, tira, iritziak libre dira, gutxi gorabehera libre, ezta?

Hori guztia Katalunian gertatzen ari denaren zati bat baino ez da izan eta ikusiko dugunarekin konparaturik hutsalkeria beharbada. Espainiako erregeak Kataluniako parlamentuko presidenteari, Forcadell andreari, Zarzuelatik ez agertzeko esan dio, ez dela behar, adibidez (kezkaturik ibiliko da arreba infantarekin).

CUPekoek ez dute umorea galdu behintzat (atsegin dut hori) eta Artur Mas muturtuaren aurrean Anna Gabriel andreak txantxak egiteko adorea izan zuen, irainak gaindituz, Puigdemont jaunari esan zionean orrazkera beretsua izan arren, askok esan duten bezala, urruti daudela ideologia kontuetan. Umorea beti da itxaropentsua.