ZUEK zer eginen zenukete aukera izanez gero: zuenari eutsi, eta historiara jende zekena eta berekoia bezala pasatu ala zuenari amore eman, eta historiara jende eskuzabala bezala pasatu? Artikulu hau idazten ari naizela hiru egun faltako dira Katalunian hauteskundeak egingo diren erabakitzeko. Hauteskundeak berriz ere deitu izanak esan nahi izango du Masek konponduta izango duela bere zalantza hamletiarra. Ni ala Katalunia, Katalunia ala ni, eta atzera berriz dena, Ni ala Katalunia, Katalunia ala ni. Estadista handia ala gizon zeken exkaxa.

Zenbakiek eta egoera politikoaren garapenak paratu du kinka horretan, CUPen ezetz tenkorrak nahi baduzue.

CUPekoak ere paratu nahi izan dituzte egoera horretan baina abilki egin diote ixkin ezarri nahi zieten kinkari: Mas ala Procésaren porrota?, eta Mas ala ez-Mas?, kinka dela adierazi dute haien bozka azaltzerakoan. Tenkor portatu dira baina haien tenkortasuna eskuzabaltasunaren seinale da, Masena ez litzatekeena bezalaxe, Masena karrera pertsonalari lotuta dagoelako.

Nik CUPekoei kariñoa diet. Nazionalismo katalanaren adierazpide ederrak dira, asko eta asko, txarnegoen seme-alaba, eta ondorioz Kataluniako gizartearen indar integratzailearen eredu.

Euskal Herrian ere praktikatu da CUPekoen tenkortasuna, armek lagundua urte askotan, eta gauzak nola diren, tenkortasun hori -superniari agindu zorrotzei muzin egin eta desirari jarraitu, azaldu nahi dute batzuek, iraultzaileen etika moduan- txorakeria moduan ere uler zitekeen. Hemen ere izan zen noizbait Kataluniako gizarteak izan zuen indar integratzaile hori, baina galdetu beharko genioke geure buruei, noiz galdu zen, non okertu zen bidea, eta zergatik.

Baina hori beste kontu bat da. Analista politiko exkaxa naiz; eta oker egongo ahal naiz!, baina Masek eutsi egingo dio bere hautagaitzari eta Procésa bertan behera geldituko da. Hala ere, pentsatzen jarrita, beste aukera bat ere badago, Junt per Sí-ren aldekoek Masen hautagaitza arbuiatzea. Ai Hamlet gizajoa Mas! Antzerki lanaren argudioaz jabetu ere egin gabe.