Klima: gero dioenak bego dio
EZ gara gure ekintzen ondorio kaltegarriez behar beste jabetzen, baina geure neurrira, nahierara molda-tzen ari gara sorrarazi gintuen planeta. Tartean, ekosistemak inbaditu ditugu, dibertsitatea eskastu eta hainbat espezie desagerrarazi dugu -horietako hainbat bazirela jakin aurretik-, kutsatzen, lehengaiak ustiatzen eta kliman inoizko aldaketarik handienak eragiten ari gara. Horrenbestekoa da mende bakar batean eragin dugun aldaketa ezen, norabide berean urratsak egiten segituz gero, gure espeziearen biziraupena bera ere kolokan jar dezakegun... Denbora kontua baino ez da, akaso guk ez dugu ikusiko, baina bai, ordea, gure ondorengoek.
Munduan abian dugun garapen-eredua da amildegiaren ertzera eramaten gaituena. Erregai fosilak neurririk gabe baliatuz, atmosferara kaltegarriak diren isurketak eginez, mugatuak diren baliabideen gainean ikaragarrizko presioa egitea dakarren gainpopulazioaren bidez, nagusitzen ari den mugikortasun-, nekazaritza- eta abeltzain-tza-eredua sustatuz... ia oharkabean geure buruaz beste egiteko baldintzak sortzen ari gara. Hazteko beste eredu bat behar dugu. Munduak barruratzen duen dibertsitatea errespetatu eta ondorengo belaunaldiei ondare hori igaroaraztea lehentasuntzat duen eredua... eta, horrexetarako, lotesleak diren konpromisoak behar dira, hitzak bainoago, baldin iraungo badugu. Tenperatura hazteak, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiborako lursail handiak, geroz eta handiagoak baliatzeak, ikaragarrizko eragina izaten ari dira eta.
Itsasertzetik gertu dauden eremuak itsasoa bere egiten ari da; lehorteak geroz eta sarriago eta zabalduago gertatzen ari dira; klimaren aldaketaren eragina geroz eta ageriago, nabarmenago eta larriagoak dira eta abar. Horrek txirotasuna eta gosea zabaldu, jendea leku batetik bestera mugitzera behartu eta askotariko arrazoiengatik nonahi gatazkak indartuko ditu.
Guztion konpromisoa behar da, ez baita arazo lokala, globala baino. Ondo dago norbaitek neurriak hartzea... baina ez da nahikoa, aldamenekoak kutsatzen eta isurketekin segitzen baldin badu.
Ezagutzaren transferentzia, teknologia eta inbertsioak partekatzea ezinbestekoak dira eredu batetik bestera igaroko bagara... ez baitago beste biderik. Horiek horrela, lurralde aberatsenek mugak jarri behar dizkiote hamarkadetan garatu duten bizi-moldeari, ekoizpen modu batzuetatik besteetara igarotzeko sustapen eta inbertsio politikak indartu, herritarrak sentiberatu, elikagaiak ekoizteko modua eraberritu; garapen-bidean daudenei erraztasunak, baliabideak, teknologia transferitu behar dizkiete... erantzukizun globala sustatzea da kontua, hilgarria den eredutik jasangarria denera hurreratzen joatea da kontua, biziko bagara!