Denon ekarpenarekin euskara biziberritu
SASOI batean herritarrak ez ziren bizibidez eta bizitokiz gaur bezainbat aldatzen. Nolanahi ere, badira oraindik gainditu ez diren joerak. Batzuek herrikotzat dute haien burua, beste batzuek izaera hori inoiz eskuratuko badute, hainbat hesi gainditzera kondenatzen dituztenean. Hizkuntza kontuetan ere badago pareko konturik. Batzuk euskaldun berriak dira, bestetzuk euskaldun zaharrak.
Ustez zahar direnen aho-ezpainetatik en-tzun izan dut ez dutela euskara ondo menderatzen, ez dutela euskaraz ondo hitz egiten. Berriak direnen aldetik, ordea, sarritan jatorrizko hiztunen jaiotasunik, freskotasunik, ez eta adierazkor-tasunik ere ez dutela irakurri dugu... eta kateak segitzen du horrenbeste non euskararen erabilera galgatzen duen.
Euskarak gu guztion beharra du, etxetik dakartenena zein eskola giroan edo helduaroan eskuratu dutenena, denok beharrezkoak baikara noizbait euskararen herria berreraikitzera iritsiko bagara... eta horretan egon ziur, euskararik txarrena, inora ez garamatzana, erabiltzen ez dena dela.
Baina euskararen geroa ez genuke herritarren ahaleginaren fruitu balitz bezala barreiatu behar. Euskara herri hau berrosa-tzearekin lotu behar beharko genuke, egiten duguna baino gehiago... Edo dezakegun guztia egiten dugu edo gureak ez dauka aurrerabiderik? Eutsiko diogu tarte laburrago edo luzeago batean, baina azkenean atzeranzko joera berrindartuko da, horrenbeste non munduko plazan desagertu eta asimilatuak izango garen.
Euskarari jarraikortasun eta trinkotasun geografikoa ematen saiatu beharko ge-nuke, alderdikeriak gaindituz, lankidetza bideak berrindartuz eta eremu berrietara emanez. Jarraikortasun espazialak inguruan euskararen erabilera irradiatu egingo luke, gure hizkuntza geroz eta presenteagoa eta beharrezkoagoa eginez. Horri gehitu, eredu bateratua sendotzeko eta zabaltzeko egin beharreko ahaleginarekin. Eredu bateratuaren aldeko hautuak ez baitauka ezinbestean urruneko eredu batekin, gatzik eta piperrik ez duen hizkuntza batekin loturarik. Aitzitik, egin liteke... hurbileko erregistro baten aldeko apustua egin behar da, adierazkortasuna eta herritarren atxikimendua barruratuko dituena.
Gizarte erantzukizunaz horrenbeste hitz egiten den honetan, herri -merkatari-, enpresari-, askotariko elkarte, alderdi zein sindikatuak eta abar- erantzukizunaz hitz egitea are gogokoa dut: herri-erakundeetan euskara lan-hizkuntza bilaka dadin; eremu sozio-ekonomikoan euskarari egiazko tokia egin dakion; aisialdian eta kultur eskaintzan euskarari lehentasuna emateko, bereziki gazteei eskaintzen zaizkien prestakuntza, tailer zein bestelakoetan. Erantzukizuna komunikabideen aldetik, euskarari bazterreko tratua ematen ez segitzeko... bakarka egiten direnak noranzko berean uztartzeko eta berrindartzeko. Orduantxe bai, mereziko duelako batzuen zein bestetzuen ahalegina. Garen ala ez garen da kontua, itxurakeriak gorabehera!