Askatasuna gailenduko da
NAGO demokratikoki adierazitako auzi politikoak legea... eta legeak ematen dituen helduleku guztiak erabiliz ezinean itoarazten saiatzen direnek, azkenean, porrot eginen dutela, ez dutela haien borondatea inposatuko. Araubideak herrien eta pertsonen garapena ahalbidetu, eta, bizikidetzaren zerbitzura egon behar baitu... eta ez alderantziz.
Legeak ematen dion abantaila inori lepauztaia, morrontza ezartzeko darabilenak ez du etorkizuna irabaziko! Era berean, elkarrizketa aldarrikatu eta, aldi berean, adostasunetara iristeko borondaterik ez duenak ez dauka heldutasunik, ez da bere argudioen sendotasunez, eskain dezakeenaz fidatzen. Demokraziaren altzoan ia dena defenditzea, ezein egitasmo aldarrikatzea posible dela esan eta egingarri, bideragarri egiten ez duenak iruzurra egiten dabilen bezala. Ez baitu zentzurik bide demokratikoak erabiliz eskakizunak egin daitezkeela adieraztea, bidenabar demokratikoki bideratzeko ahaleginik egiten ez bada.
Historiari erreparatzen zaio. Bostehun urtetik orain artekoa, hain zuzen, kontuak bere horretan mantendu behar direla defendatzeko. Historiak berak dioskunean ez dela aldaezina den zerbait. Horren lekuko, garai batean, ortzi-mugan ezkutatzera iristen ez zen eguzkiak argiztatzen zuen inperioa, denborak, herrien eta herritarren borondateek desegitera nola iritsi diren. Esanak esan historia uneoro idazten baita!
Bizikidetza, zerbaiti atxikimendua, herrialde bateko partaide izatea ezin inposatu daiteke, elkarrizketaren eta berdinkideen artean erdietsitako akordioaren bitartez ez bada... gainerakoak alferreko ahaleginak dira! Eta printzipio horiek herri bakoitzean eta herrien artean gorde beharrekoak dira. Ez baita helmugara lehenago iristen arineketaldi bizkorrarekin hasi eta erritmoa mantendu ezinda, bide bazterrean ahituta gera-tzen dena, baizik eraman litekeen pausoa, zenbaitetan bizkorragoa, besteetan mantsoagoa, baina ahalik jende gehienak eramateko modukoa, eramaten duena.
Banago azkenean askatasuna gailenduko dena, itxikeriaren gainetik eta mugiezinak diruditenen azpitik. Konbentzimendu hori dut. Profetaren esanak eta irudia lokaztuz izugarrikeriak egin, adimenean, zibilizazioan eta historian atzeranzkoa eragin nahi dutenak arrazoiaren indarrak azpian hartuko dituela uste dudan bezala. Historiaren lekukoak birrinduko dira... baina pertsona bakoitzarekin batera datorren duintasunaren, askatasunaren aldeko aldarria ez da inoiz suntsituko.