Urteurrena
LAU urte bete dira ETAk behin betiko su etena eman zuenetik, izua eta hilketa, mehatxua eta presioa helburu politikoak lortzeko erabiltzea baztertu zuenetik... eta oso urruneko, gaurkotasunik gabeko kontua bailitzan ikusten dute herritarrek, beharbada beste kezka batzuek hartu dutelako lekua, bai eta lehentasun osoa ere. Nolanahi ere, gauzak are hobeto dauden arren, ezin esan liteke egoera erabat normalizatzera iritsi garenik. Horrexegatik, ez da komeni kontua ahaztea, ez eta usteltzen uztea ere. Besteak beste, ETA ez delako oraindik desegin, bizirik segitzen duelako; armategien mehatxua ez delako desagertu; etorkizuna eraikitzeko orduan, zoru komuna partekatzera ez garelako iritsi; iraganean gertaturikoa azter-tzen dugunean, eran-tzukizunak onartzeko ez garelako gauza, bereziki indarkeriari hauspoa, bultzada eta zilegitasuna eman diotenak; indarkerien ondorioak nozitu dituztenen pisua arintzeko egin genezakeen guztia ez dugulako egin; presoen eta ihesi joandakoen kontua bideratzeko gauza ez garelako izan eta abar. ETAk su-etena eman zuen baina bide luzea dugu eginkizun!
Gaia zera da, nire ustez: ea bakoi-tzak bere esku dagoen guztia egin ote duen, aurrealdean daukanari begira, urratsak egin ditzan zain gelditu gabe. Espainiako hauteskundeak igaro eta gero, ez dut espero egongo den gobernua irekiago eta abegikorragoa izango denik. Aitzitik, gaiak bere horretan segitu dezake, beste alian-tza batzuk egon daitezkeelako horretara bultzatzen dutenak eta, jada, indarkeriaren kontua ez delako arreta pizten duen horietakoa. Gauzak horrela, beste lau urte egongo gara zirkinik egin gabe?
ETA desagerraraztea bere esku, erabakiaren baitan dago. Armategien mehatxua desaktibatzea, horien kontrola dutenen erabakimenaren araberakoa da. Hortaz, ez da behar nazioarteko egiaztatze batzorderik halakorik gertatuko bada -gobernuek ez dutelako halakorik ametituko-. Iragan hurbilean gertatutakoaren irakurketa kritikoak -mehatxua, jazarpena eta hilketa nolabait zurituko ez dituena- asko lagunduko luke bizikidetzan, zubiak eraikitzen, konplizitateak josten. Egoera berria sorraraziz, bestelako arazoei eta ondorioei heltzen eta bideratzen lagunduz.
Testuinguru horrek gure artean lankidetza bide berriak eta eragingarriak eraikiko lituzke, galdutako konfiantza giroa berregin eta, bateko zein besteko indarrak askatuko lituzke... mesfidantza, aurreiri-tziak eta juzkuak gainditze bidean jarriko lituzkeelako. Horixe dago gure esku, guztion esku, inoren zain, inork baldintza gaitzan egonean gelditzen ez bagara.