Kontzertuaren harrabotsa
PEDRO Sánchez, PSOE alderdiko buruzagiak aldaba jo ondoren, etorri dira gainontzekoak... eta zarata sorrarazi eta gero, alderdi horretako EAEko buruzagiak etorri dira esaten lasai egoteko, ez aztoratzeko, ez duelako ezer berririk esan, ezpada gogorarazi Kontzertua berritzeko ezarririko arauak eta prozedurak. Eta diot, zertara datoz, orduan, Estatuko buruzagi baten adierazpenak, ezer berririk, esanguratsurik, zer esanik ez badu?
Nekez uler liteke jazotakoa, zenbait Erkidegok Nafarroako eta EAEko erregimenak auzitan jartzeko eta Estatu osoan sistema bera ezarri beharko litzatekeela iradoki-tzeko, eginiko eskakizunak zabaldu ez balira... eta ez jakinak adierazpen errazetara irristatu dira: Nafarroak eta Euskadik bitarteko are gehiago dituztela, diskriminazioa dagoela, Estatuko herritar guztiek zerbitzu berdinak jaso beharko lituzketela, iraganeko kontuak ez ezik alboratu beharreko abantailak direla eta abar.
Askotariko arrazoiengatik bitarteko urriagoak dituztenekiko elkartasuna, transferitu gabeko konpetentziengatik ordaindu beharrekoa, bai eta Estatuaren bestelako egituren sostengatzea -besteak beste, sobera ditugun koroaren eta ejertzitoaren mantentze-gastuak- nahastu dira eztabaida horretan, ezkutatuz, indarrean dagoen sistemaren bidez, Euskadik eta Nafarroak alde bakarreko arriskuak hartzen dituztela -finkatutako kopuruak ordaindu behar baitituzte, aurreikusitako diru-bilketa kopuruetara iritsi ez arren-, duten biztanleriarekiko Estatuari gehiago ematen diotela jasotzen dutena baino eta sistemak aldebikotasuna ezartzen duela.
Nolanahi ere, eztabaidaren atzealdean beste kontu bat dago, nabarmentzen ez dena, hots, Estatuaren ikuspegi bateratu eta zentralista, zerbitzu hobeak, efizienteagoak eta arduratsuagoak bilatzen ez dituen ikuspegia... eta horretan Europako joeraren kontra azaltzen dira hitz egin duten gehienak. Izan ere, zergak biltzeko orduan, zerbitzuak antolatzeko orduan eta abar inefizientziak gainditzeko, hurbil dauden erakundeen eskusartzea eta eran-tzukizuna bilatzearen alde egin dute Europako erakundeek... eta honek ere nabarmen utzi ditu aldeak, herrialde eta eskualde batzuek ondo funtzionatzen baitute, beste batzuek eskuartean dituzten bitartekoak eta heldulekuak iraganeko desorekak, ajeak eta inertziak konpontzeko gauza direla erakusten ez duten bitartean.
Interesgarria litzateke jakitea, azken hamarkadetan, Erkidegoek Europatik eta Estatutik jasotako funtsen zenbatekoa zein izan den, bai eta zertan erabili dituzten ere, bakoitzaren defizitaren jatorria zein den... eta beharbada, orduantxe ohartuko gara batzuek ez dituztela eskura izan dituzten eta dituzten aukerak behar bezala baliatu eta ustiatu.