Aireztatzeko ateak ireki
AITA Santuak ireki berri du, familiaren inguruko gaiak aztertzeko asmoz, berariaz deituriko Sinodoa. Bertan, Elizaren onerako, juzguak eta norbanakoen iritziak alboratu behar dituztela iradoki die hurreratutakoei... baina bildutakoei mendeetako itxikeriari bizkarra ematea eta gizartean indartzen ari diren jokabideetara hurbiltzea oso zail gertatuko zaie. Elizak inori kalterik egiten ez dioten jokabideak zergatik mespretxatu, epaitu eta alboratu behar dituen, zergatik mugak jarri behar dizkion maitasunari, bikote mota jakin bati zergatik lehentasuna eman behar dion misterioa da niretzat, kristautasunaren hasieran, nahi zuten elizgizonek ezkontzea zergatik zuten eta, ondoren, iri-tziz zergatik aldatu zen ulertzea ezinezkoa gertatzen zaidan bezala. Nola hitz egin dezake familia kontuez familia baten arta, gorabeherak zuzenean bizi ez dituenak? Eta nola esplika liteke derrigorrean ezarririko zelibatoaz, haren ondorioez, bai eta eragin kaltegarriez ere. Familia batzuek haien seme-alabak mantentzerik, bizimodu duina ematerik ez dutenean, gaitzen zabalkundea eragoztea dagoenean, zergatik antisorgailuen erabilerari oztopoak jarri eta abstinentziarako deia egin, halako zozokeriak ezer gutxirako balio dutenean? Gizon eta emakume batek osaturiko familia zer dela eta da, printzipioz, sexu berekoek ala bakarka sorturikoa baino are hobea, denetan daudenean alprojak, sentiberak, bai eta arduraz jokatzen dutenak ere.
Nago elizak, erlijioek oro har, eguneratu behar dutela, iraganeko ajeak astindu, azaleko kontuak, historiaren une batean bestelako printzipioei eta baloreei gainjarritako adabakiak alboratu behar dituztela... eta horixe da kontua, ba ote dakigun azalaren eta mamiaren artean desberdintzen, hain zuzen. XXI. mendeari begira dagoen elizak zelibatoa, familien osaera, antisorgailuen erabilera, bizitzari buruzko ikuskera, gizonen eta emakumeen parte hartzeaz duen jokabidea, elizaren funtzioa gizartean, iraganarekiko irakurketa eta abar eraberritu behar ditu gizartean dauden sektorerik atzerakoienen ideologia eta pentsaera-multzoan iltzaturik gelditu nahi ez badu, bide batez gizartearen gehiengo zabal baten arreta eta errespetua galduz. Nekez har baitaiteke seriotzat pertsonen duintasuna eta ongizatea goiburutzat duen ezer, egunerokotasunean printzipio horiek aurrera eramaten ez dituena. Egongo dira aldaketak poliki eta pauso sendoz egitearen garrantzia azpimarratuko dutenak, nabarmenduz elizaren barruan kontra azaltzen direnen iritziak... baina halakoak leuntzea eta barruratzea jada ezinezkoa da, lizunaren usaina darie eta.