Síguenos en redes sociales:

Desberdintasunean berdinak gara!

Gure etxe eta ingurukoen kontuak ez gaituzte asebetetzen, antza denez. Gauzak horrela, hurbiletik edo urrunetik ezagutzen ditugun bestelakoen bizi-baldintzak, harremanak, aukerak eta abar bilakatzen ditugu hizpide. Usteko normaltasunetik aldentzen direnean are gehiago. Larrutzen ditugunak aurrealdean ez ditugula zenbat susmo, aurreiritzi, kalte barreiatu dugu, horien gainean inolako erantzukizunik hartzen ez dugula?

Urlia sexu bereko batekin dabilela izan da urteetan espantuzko baieztapena, bidenabar elkarrekin daudenean eginen dituzten zikinkeriak asmatu ezinda gabiltzala. Zenbat pertsona kondenatu dugu oskolean bizi izatera, haien normaltasuna ezinean itotzera, bizitza eramanezin bilakatuz. Gehien-tsuenen konbentzioetatik, iritziekin eta jokabideekin ezkontzen ez dena ez baita normaltzat hartzen.

Goazen gure hiztegiek familia hitza nola definitzen duten ikustera eta egiaztatuko ahal izango dugu gure herrian geroz eta ugariagoak diren familiek hiztegietako definizio eta adibideekin ez dutela bat egiten... badiren arren. Beste horrenbeste esan liteke gizartearen zati handi batek gutxiesten dituen jokabideei buruz ari garenean. Gaitzespen hitz ugari topatuko ditugu, bizikidetzan batere laguntzen ez dutenak.

Atzo arte zer zioten hiztegi batzuek euskaldunoi buruz, aztoratzen eta haserrarazten gintuztenak... eta zer diote gureek bestelako herriei buruz, esate baterako Ijito edota Judu herriei buruz, berrikusi beharko genituzkeenak? Horiek denak desberdinak direnekiko iraganaldiko jokabidea laburbiltzen dute. Azken finean, gizateriak talde-sena baliatzen eta koloreagatik, erlijioagatik, jatorriagatik, sexu aukeragatik, zein bestelakoengatik horren ugariak ez direnak uzten ditu bazterrean.

Gure mintzajarduna eguneratu beharko genuke, hiztegiak berrikusi eta orraztu. Delako hitz horiek atzerakoienak direnek baliatzen segitu arren. Ezin baitugu beste aldera begiratu, notario antzean besterik gabe jardun, horrek pertsonei eragiten dien nahigabea ahaztuta.

Desberdinak gara eta kolorez askotarikoak. Hori beharko genuke atxiki, onartu eta goratu... eta, aldi berean, berdinkideak ere bagarela azpimarratu. Horiek horrela, inork ez luke normaltzat zer den epai-tzeko, ez eta baimentzeko egitekorik bere gain hartu behar, bizitzea... eta bizitzen lagatzea izan behar baitu denontzako oinarrizko gizalegea. Normaltasunaren, elkar onartzearen alde zein urrats erabakigarria egingo genukeen hala egingo bagenu!