Grezia, hirugarrenez
CATARINA Martins, Bloco de Esquerda-ko bozeramailea eta Portugaleko Asanbaldan diputatua, argi eta serio mintzatu da telebistan Greziako tragediaren azken ekitaldiaz: gertatu dena estatu kolpea izan da, demokrazia desagertu da negoziazio mahaitik.
Idazten ari naizen honekin hiru dira dagoeneko, hirurak segidan, Greziari eskaini dizkiodan zutabeak, inoiz gertatu ez zaidan zerbait; egia esan, ez dut beste gai bati buruz idazteko gorputzaldia. Egunkariak errepasatzen ditut xehetasunen bila, analisia egiten dutenen arrazoibideei jarraitzen saiatzen naiz, hurrengo hilabeteetan gertatuko dena asmatzen dabiltzan ekonomialari edo kazetari edo auskalo zer horiekin guztiekin nekatu ditut nire begi astigmatikoak. Ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan Eurotaldeak Greziako gobernuari sinarazi dion itunaren eta, Lehen Mundu Gerra bukatu ostean, Versailles-eko Itunaren arteko konparazioa, hiz bakar batean laburbilduta: umiliazioa. Kontzeptu batzuk interesgarriak dira eta artikulu askotan finantza diktaduraz hitz egiten da argi eta garbi. Tanke eta banku hitzek ingelesez duten ahoskidetasuna profitatuz (tank, bank), metafora beldurgarriak daude edonon. Irakurri dudan azken artikuluaren izenburua hauxe da: Europa hil egin da pasa den asteburuan.
Catarina Martinsena aukeratu dut gaur hasteko, gustatu zitzaidalako emakumearen keinu kezkatu baina lasaia, beste lanbide bat, aktorea da, duen politikari berri horietakoa delako eta, bai, aitortuko dut, entzun nahi nuena esan zuelako.
Greziak ba al zuen beste aterabiderik? Eurotik kanpo gelditzea omen zen alternatiba bakarra. Nik ez dut uste oraingo itun horrekin arrisku hori desagertuko denik erabat; alderantziz. uste dut merkatuen helburua, Alemaniako bankuena, hartzekodunena, horixe bera dela: Grezia euroaren eremutik, goiz ala berandu, kanporatzea. Guk nahi dugun austeritatea ala drakma. Hemendik aurrera mehatxu hori beti egongo da greziarren buru gainean. Eta, bide batez, hegoaldeko beste herriei abisua eman diete; hots, digute. Pandoraren mitoa ez da oraindik gehiegi agertu egunkarietan.