Euskararen aukera berriak
DUELA zenbait urte euskararen eremuan ari zirenen aurreikuspenik baikorrenek aurresan zezaketen, horren denbora laburrean, hego Euskal Herriko erakunde nagusietako arduradunak elebidunak izango zirena... eta garrantzia du kontuak euskarari, bai eta euskara indarberritzearen aldeko politikei ere ikusgarritasuna, sinesgarritasuna eta bultzada emateko. Besteak beste errealitate horrek hautsi dezakeelako elebidun askoren ikuspegia, bereziki herri handietan eta hirietan dagoena, euskara eguneroko bizitzan apenas agerpenik ez eta eremu jakin batzuetako hizkuntza soil gisa ikustera eramaten dituena. Euskara bizi da eta geroz eta presenteago dago gure bizitzetan, auzoetan eta plazetan!
Jatorriz elebidun edo euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi eta landu dutenek, euskarari atxikimendua diotela erakusten dute argi eta garbi, eta, horixe hartu behar dugu abiapuntutzat, euskararen aldeko hizkuntza politikak koordinatzeko eta baliabide berriekin hornitzeko orduan, gure hizkuntza geroz biziago eta noranahikoagoa bilaka dadin etorkizunean. Norbaitek pentsa dezakeenaren kontra, euskararen aldeko jarduna indarberri-tzeari bultzada emateko giltzarria ez dago, bakar-bakarrik, herri-erakunde bakoitzaren organigramaren barruan, eremu horren arduradunen kokagunean. Ahuldutako hizkuntzaren aldeko politikei erdigunea, herri-erakunde bakoitzeko arduradun guztien egitekoen artean, euskara jazotzea ere badagoela barrura-tzetik dator, bestela beti izango baita bazterreko kontua, bai eta gutxi batzuen gaia ere... eta horrela ez dago zailtasunei eta ezintasunei aurre egiterik!
Batez ere gaztelaniaz askotariko testuak-eta sortzen dituzten herri-erakundeetatik administrazioetako langileen hizkuntza-prestakuntza baliatzen eta, era autonomoan, euskaraz geroz eta gehiago sor-tzeko gauza den erakundeetara egin behar da jauzi, batzuen hizkuntza maila josiz, uztardurak bilatuz eta, hartzaileak kontuan hartuz, komunikaziorako eragingarria den kode egokia eta hurbila erabiliz... eta barruan sustatu, areagotu beharreko lanez gain, herri-erakundeek, pila-tzen duten jende kopuruagatik, herritarrei ematen dizkieten zerbitzuengatik gizarteari egin diezaiokeen ekarpena dago.
Hizkuntza-politika ez da euskararen jarduna sustatzera bideratzen diren arau eta diru-laguntzetara mugatu behar. Aitzitik, aisialdian, gizarte zerbitzuetan, ekonomiaren sustapenean, kulturgintzan, kirolaren eremuan, sorkuntzan eta abar egin daiteke... egin behar da egiten duguna baino gehiago gure hizkuntza arnasberritu eta dagokion tokia har dezan. Izan ere, halakorik egin ezean, ahulenaren alde ez jarduteak, indartsuena are beharrezkoago eta presenteago bilakatzen baitu, normalizazio ahalegin oro ahulduz.