Liga txapelketa bukatuta, Athleticek zazpigarren sailkatu eta Europan jokatuko du hurrengo denboraldian, bigarren urtez jarraian. Gainera, kopa txapelketako finala jokatuko du datorren zapatuan Liga txapelketa irabazi eta Txapeldunen Ligako finalean lehiatuko den Bartzelonaren aurka. Tartean, Txapeldunen Ligako zortzi partidu eta Europa Leagueko bi jokatu ditu Ernesto Valverderen taldeak. Berrogeita hamasei partidu guztira. Gauzak horrela, normala da entrenatzaileak bikain bat ematea bere taldeari denboraldia baloratzeko eskatuta. Azken urratsa geratzen da. Zaila bezain erakargarria.

Athleticek irabazi egin behar zion Vila-reali beste inoren menpe ez egoteko Europarako txartela eskuratzeko borrokan. Marcelinoren taldea aurkari egokia zen ez baitzuen ezer jokoan eta titular asko jokatu ezinda zituelako. Zorionez, gauzak ezin hobeto joan ziren zuri-gorrien-tzat. Adurizek penaltia fabrikatu eta sartu ondoren, Athleticek aldats behera jokatu zuen. Hori gutxi balitz, Iraola, Beñat eta Adurizek sarturiko golak ikusgarriak, bikainak izan ziren oso. Arratsalde biribila inolako zalantzarik gabe. Are biribilagoa bilakatu zen Andoni Iraolak zelaia utzi zuenean. San Mamesen bildutako zale guztiek zutunik eta txaloka agurtu zuten usurbildarra. Oilo ipurdia jarri zitzaigun. Partidua amaitu osteko omenaldia ederra eta hunkigarria izan zen. Andoni Iraolak ez du inoiz ahaztuko Katedralean jasotako maitasun uholdea. Geuk ere ez. Eta arratsaldea biribiltzeko, Athleticek Kopako finalera begira prestatutako bideoa aurkeztu zuten. Zorionak egileei. Bikaina benetan. San Mamesen bildutako guztiok paparra zabalduta atera ginen. Harro Athleticekoak izateaz.

Azken urratsa zailena dela diote. Kasu honetan ez dago zalantzarik. Bartzelona munduko talderik onena da egun eta oso zaila izango da Kopa txapelketako finala irabaztea. Kontrakoa esatea geure burua engainatzea li-tzateke. Era berean, aurkariaren erabateko nagusitasun horrek biderkatu egiten du erronkaren erakargarritasuna. Kopako finala irabaztea Bartzelonari Nou Campen itzelaren hurrengoa izango litzateke. Zaila bai, baina ezinezkoa ez.

Lehiakide biak banan aztertuta ez dago kolorerik. Futbola, baina, ez da matematika kontua eta ezusteko asko gertatzen dira, are gehiago partidu bakar batean. Estrategia kontuak alde batera utzita -nor jarriko ete du Valverdek atzealdeko eskuin hegalean- zuri-gorrien jarrera erabakigarria izan daiteke finalean. Valverderen gizonek ezin dute etsita irten eta hortzak erakutsi behar dituzte lehenengo minututik, Messi eta enparauak gustura egon ez daitezen. Kontzentraturik aritu behar dira partidu osoan baina hasierako minutuetan batez ere. Vicente Calderon edo Bucaresteko finaletan gertatutakoa ezin da errepikatu. Hortik aurrera, Valverderen gizonak dakiten moduan jokatzen ahalegindu behar dira -ondo jokatzen dakite-eta- eta aukerak baliatu behar dituzte. Finala ez da sari bat. Finala irabazi egin behar da. Gero gerokoak. Irabazten ez bada ez da ezer gertatuko baina Bartzelonak izerdi asko bota behar du Athletic menderatzeko.

Zapatu arratsaldea ez zen biribila izan. Athleticek partidua eta Europarako txartela bideratuta zituen arren, Nou Campetik zetozen albisteak kezkagarriak ziren oso. Deportivok berdinketaren gola sartu eta bigarren mailarako bidean jarri zuen Eibar. Lotsagarria benetan Luis Enriqueren taldearen jarrera. Duintasun eta errespetu bakoa. Zorrez josita dagoen Deportivo lehen mailan geratuko da eta Eibar eredugarriak bigarren mailan jokatuko du. Hau da hau, Angel Maria Villar eta Javier Tebasen Espainiako Liga.