jARDUNALDI bakarra gera-tzen da Liga txapelketa amaitzeko eta Athleticek esku-eskura dauka datorren denboraldian Europa Leaguen jokatzeko aukera ematen duen sailkapeneko zazpigarren postua. Horixe da, sailkapenera begiratuta atera dezakegun ondorio nagusia, sakontasunetan sartu barik. Ernesto Valverderen taldeak San Mamesen jokatuko du Ligako azken partidua eta hiru puntuak eskuratuz gero Europarako sailkatuko da. Garaipena lortu barik ere, helburua bete dezake Malagak irabazten ez badio Sevillari La Rosaledan eta Emeryren taldea garaipenaren bila zelairatuko da Valentziari sailkapeneko laugarren postua kentzeko aukerak ditu-eta. Lehen itzulia bukatu ostean, inor gutxik pentsatuko zuen Athletic sailkapeneko zazpigarren postuan helduko zela azken jardunaldira. Eta hortxe dago Valverderen taldea Europarako txartela eskuratzeko zorian bigarren urtez jarraian. “Clasificación amigo” zioen Joaquin Caparrosek eta ez zaio arrazoirik falta.
Arestian esan bezala, sailkapenera begiratzeak irakurketa positiboak eragin arren, argi eta garbi dago Athleticen jokoak zer hobetu asko duela. Ligak erregulartasunaren txapelketak izan arren, azken hamar partiduetan erabakitzen direla zioen Luis Aragones entrenatzaileak. Liga amaitzeko hamar partiduren faltan lesionatu zen Iker Muniain, aurreko bost norgehiagokak erreskadan irabazi ostean. Hortik aurrera, Valverderen taldearen jokoak beherakada nabarmena izan du. Hiru garaipen bakarrik eskuratu ditu eta hala moduz gainera. Nafarraren lesioak min handia egin dio taldearen jokoari eta Valverdek ezin izan du hark itxitako hutsunea bete. Ez du asmatu, behintzat. Elx-en lortutako garaipena oso garrantzitsua izan bada ere, entrenatzaileak inork baino hobeto daki taldea ez dagoela ondo eta hobetu egin behar duela -nabarmen gainera- denboraldia amaitzeko geratzen zaizkion partidu biak irabazteko aukeraren bat izateko.
Martinez Valero estadioan gertatutakoak hausnarketa sakona eragin behar du jokalarien artean. Ulertezina da Europarako txartela jokoan duen taldeko jokalariak hain hotz, lokartuta lez eta kon-tzentrazio eta motibazio barik zelairatzea. Txarto jokatzea gauza bat da baina Athleticeko jokalariek lehenengo zatian erakutsi zuten jarrera onartezina da. Etxeko taldeak sartutako gol bietako jokaldiak esanguratsuak izan ziren oso.
Zorionez, bigarren zatian taldeak erreakzionatu egin zuen. Ezinezkoa zen lehen zatiko hondamendiari jarraipena ematea. Eta Valverdek ere bai. San Jose jarri zuen atzealdean Etxeitaren lekua betetzeko baina egun behintzat Atarrabiakoaren lekua ez dago Laporteren alboan, erdialdean baino. Apurka-apurka zuri-gorriak aurkariaren atera hurreratzen hasi ziren eta Ager Aketxeren sarrerak bizitasun gehiago eman zion taldearen erasoko jokoari. Edozelan ere, Valverderen taldea ez zen gauza Tytonen atea zulatzeko. Berriz ere, Joaquin Caparros gogora ekarriz, futbolean infernutik zerura igaro zaitezke -berak beste berba batzuk erabili zituen- hamar minututan eta horixe bera gertatu zitzaion talde zuri-gorriari Martinez Valeron. Amildegira jausteko zorian egotetik, Europarako atean egotera igaro zen partidu amaiera bikain baten ostean. Kontua da, zer dela eta bota zuten partiduaren lehenengo ordua Valverderen gizonek? Zergatik iritsi zen hain berandu erreakzioa? Behintzat iritsi egin zen eta horrekin geratu behar gara. Bucarest eta Vicente Calderonen jokatutako final bietan gertatutakoa gogoan izanda, esan beharrik ez dago guztiz kontzentraturik zelairatu ezean Athleticek ez duela zereginik izango Kopako finalean.
Ongi etorria Deustori Hirugarren Mailara eta zorterik onena Bilbao Athletic, Portugalete, Gernika, Arenas eta Durangoko Culturalari mailaz igotzeko play-offean.