athleticek aukera bikaina galdu du urrats garrantzitsua emateko Europa Leaguerako txartela eskuratzeko lehian. A Coruñako Deportivoren aurkako partidua irabazita zegoela zirudienean, urrezko puntu bik alde egin zuten Katedraletik. Valverderen gizonek ez zuten asmatu azken jokaldia defenditzen. Hori gutxi balitz, Iago Herrerinen huts itzelak zalantzaz beterik utzi gaitu jokatzeke dauden partiduei begira. Azken segundoko jokaldi horrek zeharo aldatu du Athleticen egoera Europarako lehian. Jardunaldi biren faltan, ez dago zuri-gorrien eskuetan Europa Leaguerako txartela eskuratzea. Malagak huts egin behar du. Edozein kasutan, eta botila erdi beterik ikusita, talde andaluziarrak aurkari zailak ditu azken jardunaldi bietan Vila-real eta Sevillaren aurka jokatu behar du-eta. Hori bai, Athleticek irabazi egin behar ditu bere partidu biak eta horretarako asko hobetu beharko du Deportivoren aurka erakutsitako jokoa. Osagai guztiak lapiko batean sartuta, Athleticek Europan sartzeko helburua beteko duela uste dut.

Ederto ekin zioten zuri-gorriek A Coruñako Deportivoren aurkako partiduari. Ordu laurena bete baino lehen, gainera, Aritz Adurizek aurretik jarri zuen bere taldea markagailuan. Hortik aurrera, baina, zuri-gorriak indarra galduz joan ziren, Deportivok aurrerantz egin zuen bitartean. Valverde ez zegoen konforme zelaian ikusten zuenarekin eta Viguera kendu zuen atsedenaldian Susaeta sartzeko. Errioxarra ez zen ondo ibili, ez, baina bere ordezkoa be antzera ibili zen: ezinean. Minutuak aurrera egin ahala, galiziarren nagusitasuna areagotuz joan zen zelai erdian eta Valverdek Unai Lopez zelairatu zuen Beñat kenduta. Aldaketak ez zuen ezer konpondu eta Athleticek aurkariaren menpe jarraitu zuen. Errenteriko gazteak oso berde dagoela erakutsi zuen berriz ere. Nire uste apalean, Iturraspe aukera hobea zen baina entrenatzaileak ez zuen zelairatu 87. minutura arte. Menderatuta aritu arren, Athleticek eskuan izan zuen garaipena azken jokaldira arte.

Hiru partidu geratzen dira denboraldia amai-tzeko eta oraindino ez dakigu Ernesto Valverdek jarraituko duen taldea zuzentzen. Ez da erabaki erraza entrenatzailearentzat. Gauzak ondo doazenean laudorioak edonondik badatoz ere, emaitza txar bi kateatuz gero, kritikak zorrotzak baino zorrotzagoak dira eta min egiten dute. Emaitzak emaitza, ez daukat zalan-tzarik Valverde dela teknikorik egokiena Athletic zuzentzeko eta albiste ona litzateke kontratua luzatzeko erabakia hartu duela jakitea. Ea aste honetan bertan jasotzen dugun berri ona.

Athleticeko jokalariak gaur itzuliko dira lanera, hurrengo jardunaldia jokatuko den jakin barik. Hasteko, ez dakit oso ondo greba deialdi baten aurrean gauden ala Espainiako futbol federazioaren mehatxu baten aurrean. Zein da deialdiaren arrazoia? Telebista eskubideen inguruko dekretua ala jokalarien poltsikoa ukitzen duen zerga-sistema berria? Tebas, Villar, Rubiales eta enparauak tartean ikusita, gauza onik ez. Hori bai, Casillas, Sergio Ramos, Pique eta kuadrillak greba deialdia egitea lotsagarria eta mingarria iruditzen zait.

Ezin amaitu Kuko Ziganda eta bere mutilak zoriondu barik. Bilbao Athleticek bigarren mailara igotzeko play offa jokatuko du. Gainera, lehen postuan buka dezakete azken jardunaldian Huesca liderraren zelaian irabaziz gero. Bikaina baita Portugalete, hirugarren mailako txapeldunaren denboraldia. Ondo etorria Ondarroako Aurrera hirugarren mailara. Txanponaren beste aldean, amaitu da denboraldia emakumezkoen taldearentzat. Animo eta segi lanean!